Eguerdi on Lezama. Eguerdi on Txorierri. Eskerrik asko hona hurbildu zareten guztioi eta eskerrik asko egunero herriz herri borrokan zabiltzaten guztioi gure herri hau eraldatzeko indarrak batzen dituzuelako.
Gaur maiatzaren 17, homofobiaren kontrako nazioarteko eguna izanik, aipamen berezia egin nahiko nuke oraindik, 21. mendean gaudelarik, beraien sexu aukerarengatik diskriminazioa eta jazarpena sufritzen dutenei. Eta nola ez, aste honetan dispertsioa hasi zutenetik 25 urte pasa direla, besarkadarik handiena arrazoi bategatik edo besteagatik, hemen gurekin egon ezin direnentzako. Besarkada bat Lezamatik eurentzako.
Izan ere, bertotik hasi behar gara. Herritik hasi behar gara Bizkaia, Euskal Herria eta Europa bera eraldatzeko. Eta horretarako denon indarrak behar ditugu egunero Europan ere bai.
Ezin dugulako ahaztu Europatik datozen inposizioak zelako eragina daukaten gure bizitzetan. Baina ezin duguna sekula ahaztu be, PNVk, PPk eta PSOEk politika horiei alfonbra gorria jartzen dietela bertan.
Argi utzi dute aberatsen, bankaren eta Troikaren aginduetara makurtzen direla. Krisi egoera hau, aberasteko erabili dutenen esanetara jarri direla, nondik eta langileen eskubideen eta oinarrizko eskubide sozialen lepotik.
Egun hauetan jakin izan dugunez, PNVk, PPk eta PSOEk milioietako zorra dute bakuekin. Nola ez dira egongo orduen bankaren mesedetara? Normala oztoporik ez jartzea Kutxabanken pribatizazio prozesuan. Herrialde honetan daukagun aurrezki kutxa bakarra lapurtu nahi digute interes pribatuen mesederako.
Nola ulertuko dugu bestela Kutxabankegaz egiten ari direna? Nola liteke urteetan herritarren aurrezkiekin sortu eta mantendu dugun kutxa bat inolako lotsa barik esku pribatuetan uztea. Pribatizatzea. Herritarrei lapurtzea!
Halako lapurretak ezkutatzeko gure deurea giro hotza hauteskunde hauetan. Interes handia dutelako gauzak dauden moduan mantendu daitezen. Eta hori horrela izateko edozertarako prest daude Troikaren ordezkari instituzionalak. Kapitalaren tripartitoa den PNV, PP eta PSOEk osatutakoa.
Ez gaituzte Europan nahi, argi dugu hori. Ez dute beren sistema ustela kolokan jarriko duen oztoporik nahi; ez dute inork beren lapurreta salatzea nahi.
Baina albiste txarra dugu haientzat; Josu Juaristi Europan egongo da, Euskal Herriaren eta euskal herritarren eskubide guztiak, han ere aldarrikatzeko. Isilik nahi gaituzte, baina ez dute lortuko.
Eta saiatu, saiatuko dira. Junta Elektoraletik ere saiatu dira isilarazten. Medio publikoetan EHBildurenak ziren iragarki tarteak kendu dituzte. Euskal Herriko bigarren indar politikoa isilarazi nahi dute. Molestatzen ditugulako, min egiten diegulako. Eta horrela jarraituko dugu. EHBilduren botoak min egiten dietelako.
Eta eredu sozioekonomiko justu eta solidarioa aldarrikatzera goaz Europara ere. Bizkaian eta Euskal Herrian egiten hari garen moduen, beste eredu bat eraiki nahi dugulako. Behetik eta ezkerretik. Abortoa debekatzen dutenen aurrean, emakumeen eskubideak defendatuko ditugulako. Desarrollismoa, Frackinga eta nuklearren aurrean, elikadura burujabetza eta geure ama lurra defendatuko ditugulako. Arrazakeria eta faxismoaren aurrean, herrien elkartasuna defendatuko dugulako. Murrizketen eta erreformen aurrean, langileen eskubideak defendatuko ditugulako. Hemen, Bizkaian eta Euskal Herrian egiten dugun bezala, Europan horrela egingo dugulako!
Bizkaitarrok ondo baino hobeto dakigu gainera langileen eskubideak zapaltzea zer den. Bizkaia da egoera sozioekonomikorik txarrena duen herrialdea eta eboluzio ekonomikorik txarrena izan duena. Bizkaian dugu langabezi tasarik altuena – %19 – eta berton, Txorierrin %16koa.
Baina PNVk eta J.L. Bilbaok behin eta berriz esaten digute Bizkaia ondo doala eta HORI EZ DA EGIA! Gauzak ez daude batere ondo Bizkaian. Gezurretan dabiltzate eta gainera, gure bizkarretara barre egiten! Nahiko da!
Bizkaitarrok langabezia pairatzen dugun bitartean, PNVren enplegu politikak bere kargu izandakoak, Euskaltel edo Petronor bezalako enpresetan kokatzera mugatzen dira. Bizkaitarron interes orokorrak baztertuz, euren poltsikoak ondo betetzeko. Eta hori oso ondo egiten dakite, horrela egin dutelako beti!
Ez duguna gehiago onartuko ere PNVk utzitako txapuzak, guk guztiok ordaindu behar izatea. Bizkaian baditugu gehiegi. Hor ditugu BEC edo SuperSur, inork erabiltzen ez duen autopista eta gure semeek eta ondorengoek ordaindu beharko dituzten txapuzak.
Edo azken egunotan PNVk Europatik ekarri digun oparia. Opor Fiskalak direla eta 30 milioietako isuna guztion artean ordaindu beharrekoa. PNVren kudeaketa txarrarengatik, ez dira hain gestore onak, Bizkaiko patronalarekin guztion diruarekin jolasean ibiltzeagatik 30 milioietako isuna ordaindu beharko dugu ‘a escote’. Ba ordaindu dezala PNVk, ordaindu dezala PNVk dirue soberan du eta!
Baina herri moduen ere gure ahotsa Europara eraman nahi dugu. Erabakitzeko eskubidea lehen planoan kokatuko da datozen urteetan Europan eta gu han egon nahi dugu. Zuzenean esateko, filtro barik Euskal Herria nazio bat dela eta estatu burujabe bat izan nahi dugula. Gure etorkizuna guk erabaki nahi dugula eta independentziaren bidea hasi nahi dugula. Herri bat garelako! Nazio bat garelako!
Garai politiko berria bizi dugu. Eta bakeak ere behar du EHBilduren ahotsa Europara eramatea. Ahots sendoa, konponbidearen alde dauden herritarren gehiengoaren aldarrikapenak, Europako instituzioetara eramango dituena; oraindik ematen diren eskubide urraketak salatuko dituena. Hau da geure apustua, eta datozen hauteskundeetan indarturik ateratzea ezinbestekoa da gauzatu ahal izateko.Bakearen etsaien aurrean, gure ahotsa ozen entzun behar delako.
Europako hauteskunde hauetan bi aukera daude beraz: Aberatsen eta pribilegiatuen aukera, edo herritarren gehiengo zabalaren aukera. Murrizketak eta pribatizazioak, edo herritarren eskubideen defentsa. Troikaren morroiak diren PNV, PP eta PSOEren aukera, edo Troikari aurre egingo dion EH Bilduren aukera.
Baina horretarako lehen esan dudan bezala denon indarrak behar ditugu. Kaleetatik, auzoetatik eta herrietatik hasita Europara eramango gaituena.
Horregatik Maiatzaren 25ean ezin da inor etxean gelditu! Hautestontziek bete behar ditugu Euskal Herria Bilduren botoekin!
BAI esateko herrien erabakitzeko eskubideari
BAI Gatazkaren konponbideari
BAI Bizitza baldintza duinei
BAI Emakumeen eskubideei
BAI Herrien arteko elkartasunari eta askatasunari
BAI Aldaketari, justizia sozialari, eskubide eta askatasun guztiei.
GORA EUSKAL HERRIA BILDU!!!!!
GORA TXORIERRI GORRIA!!!!