Espainiako Erregeak abdikatuko duela iragarri eta egun gutxira, EH Bilduk Espainiako Koroari zuzendutako ekimena erregistratu du Bizkaiko Batzar Nagusietan. Koalizioaren arauz besteko proposamenak espainiar erreinuko Koroari exijitzen dio Bizkaiko Jauna titulua erabiltzeari uztea.
Espainiako konstituzioak Koroari onartzen dizkion tituluen artean dago Bizkaiko Jaunarena. EHBilduren ustez Espainiako Koroak ez du inolako zilegitasunik titulu hori bere gain hartzeko eta, beraz, tituluari uko egiteko exijitzen dio Koroari.
Asier Vega EHBilduko batzarkidearen esanetan, “Bizkaiko Jauna titulua norbaitek ematekotan, bizkaitarrok eman beharko genuke. Agerikoa da Bizkaiko gizartea ez dela monarkiaren aldekoa eta ez duela Espainiako erregearekiko atxikimendurik. Beraz Espainiako erregeari ez dagokio Bizkaiko Jaunaren titulua eta hari uko egitea exijitzen diogu”.
EH Bilduren ustez, Juan Carlos Borboikoaren abdikazioa “itxuraldaketa operazioa” da, “ukazioan eraikitako eta politikoki agortutako markoa iraunarazteko”. Koalizioak adierazi du abdikazioak ez duela inolako aldaketarik ekarriko, ez baitu “herrien ukazioan oinarritutako eredu politiko-instituzionala gaindituko”. Juan Carlos Borboikoaren erregetza Francoren erregimenari segida emateko ezarri zela gaineratu du EH Bilduk. Koalizioaren proposamenaren arrazoiketak dioenez, Euskal Herriak ez dio inolako zilegitasunik onartzen Espainiako Koroaren inongo ordezkariri, besteak beste, herritarrak hautatu ez dituen ordezkariak direlako.