Alternatibak hiru ekitaldi antolatu ditu ostegunetik larunbatera memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin, etorkizuna bakean eta justizian eraikitzeko ezinbesteko urratsa delako. Bihar, ekainak 12, Donostiako (Gros) Korta kaleko Tedone jatetxean aurkeztuko da “Desenterrando el silencio. Antoni Benaiges, el maestro que prometió el mar” proiektua. Bertan izango dira Sergi Bernal argazkilaria eta Paco Etxeberria auzi mediku antropologo ezaguna.
Horrez gain, ostiralean arratsaldeko 19:00etan Irungo Kabigorri ateneoan (Peña kalea 1) eta larunbatean Eibarko Kultu-n 12:30ean, “El retratista” dokumentala emango da. Antoni Benaigesen lana, izena eta izana liburu, dokumental eta argazki erakusketa banarekin berreskuratzeko saiakeran oinarrituta daude ekitaldiok.
Antoni Benaigesen omenez egindako proiektua Sergi Bernal argazkilariaren eskutik sortu zen. Pirinioetan hobietatik ateratzen ari ziren gorpuen inguruko argazki-proiektua egiten ari zen eta, ondoren, Burgosera jo zuen. Han gorpuak hilobietatik ateratzen ari zirela, pertsona batek esan zuen: “hor nonbait egon behar du gure maisuak”. Haritik tiraka hasi eta maisu hori Tarragonako Mont-Roig del Campekoa zela jakin nuen. Teknika pedagogiko iraultzailea abian jarri zuen, Freinet metodologia, lehenengoz haurra ikasketa prozesuaren erdigunetzat jotzen zuena.
Antonik berak aldizkari baterako Freinet metodologiari buruz idatzi zituen gutunek eta Bañuelos de Burebako maisu izan zen urte bietan argitaratu zituzten koadernoak (asko Kataluniara iritsi zirelako iraun dute) izan dira maisuaren bizitzaren gertakizunak jakinarazteko iturburu. Koadernoetako batean azaldu zen Lucia Carranzaren, bere ikasle baten, ondoko testua: “Itsasoak oso handia behar du izan, oso zabal eta oso sakona. Jendea bainua hartzera joaten da bertara. Nik ez dut inoiz itsasoa ikusi. Maisuak esaten digu bainatzera joango garela”.
Antoni Benaigesek promes egin zien ikasleei 1936ko udan itsasoa ikustera eramango zituela. Ezin izan zuen hitz emandakoa bete. Gerra Zibilaren lehenengo egunetan fusilatu egin zuten eta hobi komun batean lurperatu.
> Ekainak 12 Afari-solasaldia. Donostiako Tedone Jatetxean 20:30etan
> Ekainak 13 Dokumentalaren proiekzioa. Irungo Kabigorri Ateneoan 19:00etan
> Ekainak 14 Dokumentalaren proiekzioa. Eibarko Kultun, 12:30etan