EH Bilduk Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obretan lan arloko araudia benetan betetzen den ez kontrolatzea leporatu dio gaur Lan Ikuskaritzari. Arri Zulaikak eta Oskar Matute Alternatibako bozeramaile eta EH Bilduko legebiltzarkideak salatu dutenez, “antza, AHT ukitu ezina da eta bertan ari diren enpresek edozer egin dezakete, nahi dutena, proiektu horri dagozkion salaketen aurrean Ikuskaritzak bestaldera begiratzen duelako. Gure iritziz, hori onartezina da langileen eskubideak ez ezik, euren bizitzak ere jokoan daudelako. Finean, EAJ enpresa gutxi batzuen interes ekonomikoak langileen bizitzaren gainetik jartzen ari da, eta hori lotsagarria da”.
Jaurlaritzaren menpe dagoen Lan Ikuskaritza AHTren obretan utzikeriaz ari dela ikusirik, EH Bilduk Juan Maria Aburto Enplegu sailburuaren agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, kontrol-organo horren jarduera argitu dezan. “Jakin nahi dugu zeintzuk diren Ikuskaritzaren irizpideak Erkidegoan egiten ari den obra publiko nagusian lege-hausteak ekiditeko eta, azken finean, langileen eskubideak eta segurtasuna bermatzeko”.
Maiatzean Zumarragako tunelean izan zen istripuak (tunelaren zati bat bertan behera erori zen) agerian utzi du berriz ere, Zulaikaren eta Matuteren iritziz, zer nolako baldintzetan egiten den lan AHTren obretan. Obra horietan dagoeneko zazpi langile hil direla gogora ekarri eta Lan Ikuskaritzari ezer ez egitea egotzi diote EH Bilduko legebiltzarkideek. Haien esanetan, “sindikatuen salaketek AHT ukitzen dutenean, Ikuskaritzak begiak ixten ditu; horren froga da maiatzean ELAren salaketari eman dion erantzuna. ELAk enpresa zehatz baten jokabidea salatu zuen Tabakaleran zein AHTn legedia urratzen ari delakoan; Ikuskaritzak, ordea, Tabakaleraren atala soilik aztertu du. Zergatik ez du ikertzen zer gertatzen ari den AHTren obretan? Lan Ikuskaritzak badaki obra horietan 18 orduko lan jardunaldiak egiten direla eta lurraldeko lan hitzarmenetan jasota dauden xedapenak urratzen direla, baina ez du ezer egiten. Zergatik ez du eskua sartzen AHTren obretan ematen diren lege-hausteen aurrean? Zeintzuk dira irizpide politikoak eta nork ezartzen ditu?”