Udalak plazaratutako ‘emakumeentzako segurtasun gomendioak’ jasotzen dituen liburuxkaren edukiari aurre egin nahi diogu horrela, emakumeen askatasuna murrizten duen beldurrean eta debekuan oinarritzen baita.
Bilboko EH Bilduk eta Bilgune Feministak eraso sexistei aurre egiteko irizpide bilduma jasotzen duen liburuxka eman dugu argitara, bi helbururekin: beldurrean eta debekuan oinarrituta, Udalak emakumeei zuzendutako segurtasun gomendioak salatzea batetik, eta eraso sexistei aurre egiteko Autodefentsa Feministan oinarritutako irizpideen berri ematea, bestetik. Ana Etxarte EH Bilduko zinegotziak eta Nora Aurrekoetxea eta Hegoa Ugalde Bilgune Feministako militanteek aurkeztu dute, gaur goizean, eragile biek elkarlanean egindako liburuxka. ‘Info Bilbao’ du izena Udalaren liburuxkak; eta ‘Info Bilbo feminista’ EH Bildu eta Bilgune Feministarenak. 5.000 ale atera ditugu auzoetako jaietan zein Aste Nagusian zabaltzeko.
Etxartek adierazi duenez, eraso sexistak errealitate dira gaur egun. “2013an, askatasun sexualaren aurkako 74 delitu gertatu ziren Bilbon, eta horiek zati bat baino ez dira, jakin baitakigu den-denak ez direla salatzen”. Etxarten hitzetan, “EH Bilduk kezka handiz ikusten ditu erasook, baina are preokupazio handiagoz bizi dugu horien aurrean Udalak harturiko jarrera”. Izan ere, beldurrean eta debekuan oinarrituriko ‘emakumeentzako gomendio bilduma’ jasotzen duen eskuorria kaleratu du Udalak berriki. “Eskuorri horretan emakumeei esaten zaigu arriskupean bizi garela, pertsona menpeko eta biktima garela, kalea eta gaua arriskutsuak direla guretzat, eta beraz, gauez kalean egotekotan, hobe dugula lagundurik egon”.
Etxartek irmo salatu du: “Mezu horien bidez, Udalak ez gaitu emakumeak babesten. Biktima bihurtzen gaituen beldurrezko giroa sustatu baizik ez du egten, eta erasoren bat jasatekotan, emakumeok egiten gaitu horren erantzule, arduragabe jokatu eta hartu beharreko neurriak hartu ez ditugulako”.
Eraso sexistei aurre egiteko erantzukizuna emakumeengan kokatzen du Udalak, pertsona guztiontzako segurua eta egokia izango den hiriaren antolamenduan instituzio horrek duen erantzukizuna saihestuz. “Besteak beste, argiztapen eta ikusgarritasun gutxi duten eremuak ekidin behar ditugula esaten digu Udalak, igogailuan pertsona ezezagunekin ez sartzeko eta autobusean edo jende pilaketak ematen diren tokietan ukituak jasanez gero, kalteturik aterako ez garen moduan jokatzeko”.
Etxartek galdera zehatzak egin dizkio Udalari: “Zein da egiazki Udalaren helburua gomendio bilduma horrekin? Zer bilatzen du, etxean gera gaitezen eta gauzak egiteari utz diezaiogun? Gure askatasanari uko egin diezaiogun? Ez gaitezen inortaz fio edozeinek eraso ahal digulako? Norbaitek ukituak eginez gero, isilik gera gaitezen badaezpada zerbait gertatuko zaigun?”
Etxarteren irudiko, “emakumeontzako segurua izango den hiria eraikitzeko duen erantzukizunari uko egiteaz gainera, urteetan mugimendu feministak eginiko lanari bizkarra eman dio Udalak”. “Eraso sexistak oso bestela interpretatu behar dira, eta oso bestela aurre egin behar zaie. Autofentsa Feministaren bitartez, hain zuzen”.
Aurrekoetxeak eta Ugaldek esplikatu dutenez, “Autodefentsa Feminista geure bizitza bizitzeko modu bat da, ahalduntze eta jabetze pertsonal zein kolektibotik. Bizitzako eremu guztietan sufritzen ditugun diskriminazioa eta bereizkeria prebenitu eta horiei aurre egiteko balio digu, baita eraso sexistei aurre egiteko ere”.
Bilgune Feministako kideen iritziz, “Udalak berrikusi egin behar du eraso sexistei aurre egiteko darabilen politika. Ezinbestekoa da emakumeak biktima eta pertsona menpekoak eta inseguruak bihurtzen gaituen diskurtsoa, beldurrean eta debekuan oinarriturikoa, gainditzea”.
Gaineratu dute: “Emakume guztiek jasan dezakegu eraso sexistaren bat, baina gure gaitasunaren zenbat eta jabeago izan, zenbat eta kontzientziatuago egon, orduan eta aukera eta indar handiagoa izango dugu eraso sexistei aurre egiteko. Eta Autodefentsa Feminista kontzientzia eta gaitasun hori lortzeko bitartekoa da, eraso sexistei aurre egiteko bitartekoa”.