Alternatibako kide eta EHBilduko Bizkaiko batzarkide Asier Vegak EHBildutik Karrantzako hiltegiak aurrera egin ahal izateko behar duen laguntza ekonomikoa eman dezatela eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari.
Jaurlaritzaren osasun baldintzak betetzeko 76.000 euroko inbertsioa egin behar du hiltegiak eta Karrantzako Udalak ezin dio gastuari bere kabuz aurre egin, aurreko legealdiko gobernuaren kudeaketak bi milioi euroko zorra utzi baitu udal kontuetan.
EH Bilduk Batzar Nagusietara eraman du proposamena baina ez da onartua izan. EAJk kontra bozkatu du, Bizkaiko Aldundiaren eskumenak gainditzen dituela argudiatuta. PSEk aldeko boza eman du eta PP abstenitu egin da.
Asier Vega koalizioko batzarkidearen ustez, “ulertezina” da EAJk proposamenari ezezkoa ematea. “Aldundiaren eskumenak gainditzen direla dio EAJk baina ekimenak oso garbi esaten du bakoitza bere eskumenaren baitan aritzea proposatzen dugula. Inplikazioa eta elkarlana eskatzen dugu hiltegiaren etorkizuna bermatzeko, besterik ez” adierazi du Vegak. Batzarkideak gogorarazi du EAJk eskatzen denaren alde bozkatu zuela Eusko Legebiltzarrean eta, beraz, kontraesan nabarmenean erori dela.
Karrantzako abeltzainek, nekazaritza eta abeltzaintza sindikatuek eta sektoreari lotutako enpresek hiltegiaren garrantzia azpimarratzen dutela azaldu du EH Bilduk. Koalizioak larritzat jo du gainera, Irene Pardo Nekazaritza eta Abeltzaintza diputatua Karrantzakoa bertakoa izanik, azpiegituraren etorkizuna bermatzearen kontra agertu izana.
Karrantza Harana da Bizkaian abere buru gehien dituen eskualdea. Era berean, lehen sektorean lanpostu gehien mantentzen dituen zonaldea da, bai abeltzaintza jardueran, baita eraldatze industrian ere. Beraz, EH Bilduren esanetan, lehentasunezkoa da ekonomia jarduera horien garapena sustatzea eta horretarako ezinbesteko jotzen du erakunde desberdinen arteko elkarlana eta inplikazioa.
EH Bilduren ustez, hiltegia itxiko balitz, arriskuan jarriko lirateke abeltzainen jarduera eta ustiapenaren bideragarritasun ekonomikoa. Karrantzako hiltegia itxiko balitz, haraneko abeltzainek Karrantzatik kanpo hil beharko lituzkete abereak eta beraz, produkzioaren kostua garestituko litzateke abeltzainen kaltetan.