Gipuzkoako Foru Aldundiak nazioarteko lankidetzako 32 proiektu finantzatuko ditu Latinoamerikan, Palestinan eta Mendebaldeko Saharan eta, horrez gain, Gipuzkoan sentsibilizazio eta eraldaketa sozialeko ekimenetara zuzendutako diru laguntza emango du. Guztira, 3.098.600 euro xedatuko dira proiektu horietarako, bereziki bideratuta emakumeen ahalduntzera eta mugimendu sozialak indartzera.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Garapenerako zuzendariak, Arantzazu Santosek, Gizarte Politikako Departamentuak ematen dituen laguntzen urteko deialdiaren ebazpena eman du jakitera; izan ere, departamentu horrek finantzazioa ematen die hainbat gobernuz kanpoko erakunderi eta beste eragile sozial batzuei, beste herrialde batzuen aldeko solidaritatearen adierazgarri diren ekimenak gauzatzeko.
Oraingoan, 2.167.303 euro bideratuko dira hegoaldeko herrialde pobretu batzuetan 15 proiektu gauzatzeko: 13 proiektu Erdialdeko Amerikan eta Hego Amerikan; bat Mendebaldeko Saharan, eta beste bat Palestinan.
Bestalde, 751.716 euroko laguntzak esleitu dira, eraldaketa sozialerako Gipuzkoan egingo diren sentsibilizazio eta hezkuntza ekimenetara bideratuta; guztira, laguntza emango zaie 14 entitatek zuzendutako 9 proiekturi, haietako batzuek kontsortzioan. Lerro horren barruan, zuzendariak azpimarratu duenez, aurten, lehen aldiz, nazioz gaindiko kontsortzio bat aurkeztu da deialdira, Gipuzkoako bi entitatek eta Peruko batek osatutakoa. Azkenik, 179.580 euro xedatu dira Gipuzkoan, Palestinan eta Saharan 8 ekimen puntual gauzatzeko.
Santosek azpimarratu du horietako proiektu gehienak Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza Garapenerako Zuzendaritzarentzat lehentasuna duten bi lerrotara bideratuta daudela: emakumeen ahalduntzera eta mugimendu sozialak indartzera.
Gainera, adierazi duenez, “krisi sakoneko egoera pairatzen badugu ere, Foru Gobernua ahalegin handia egiten ari da lankidetzarako funtsak pixkanaka gehitzeko, EAEko beste administrazio publiko batzuk ez bezala, zeinek murrizketa handiak egin dituzten. Horrela, Gipuzkoako Foru Aldundia bere konpromisoa erakusten ari da pobreziaren kontrako borrokan, bai gure lurraldean, bai hegoaldeko herrialde pobretuetan”.