Prentsa agerraldia egin dute gaur Irune Soto eta Asier Vega batzarkideek (Alternatibako kidea ere bigarrena) Bizkaiko kurtso politikoaren balantzea egiteko.
Joan den astean izan genuen Batzar Nagusietan azken osoko bilkura eta horrekin batera amaitu da legegintzaldi honetako hirugarren urtea. Beraz, momentu egokia da Bizkaiko Aldundiaren jardunaren inguruko eta Bizkaiko egoerari buruzko balorazioa egiteko. Hala egin dugu EH Bilduko batzarkide taldeko kideok eta gaur zuekin konpartitu nahi dugu hausnarketa hori.
Lehenik eta behin, Jose Luis Bilbaoren eta EAJren ekimen faltaz hitz egin beharrean gaude. Iniziatiba gabezia oso nabarmena da eta Bizkaiko Aldundiaren gaitza bihurtu da. Hainbesterainokoa da EAJren utzikeria, ez dela bizkaitarron behar nagusiei inolako erantzunik eskaintzeko gai izan.
Jose Luis Bilbaok enpleguaren sustatzea finkatu zuen Aldundiaren lehentasun gisa. Eta zer ikusi dugu aurten, ez bada Bizkaiak 100.000 langabetu dituela? “Enplegu Plan Berezia”-rekin Bilbao jaunak ez du ezer berririk eskaini, ez du apusturik egin, EAJk ez du Bizkaian enplegua sortzeko estrategia eta norabiderik. Gainera, lan baldintzak kaskartzea helburu duten erasoen aurrean, Aldundiak ez du neurri bakar bat ere hartu, sindikatu eta langileekin batzeko trabak jarri ditu gatazka gehienetan eta obra publikoetan publikoetako baldintza duinak ez ditu bermatu. Guztion diruaz finantzatu diren obretaz ari gara; dela San Mames, dela Bilboko Portuko lanetan. Aldundiak ez du sekula iniziatibarik hartu egoera horiei aurre egiteko.
Era berean, Bilbaoren gobenuak ez du ahaleginik egin sektore publikoaren bultzadaz enplegu egonkorra sortzeko. EH Bildutik erabakiorra deritzogu egun pairatzen dugun egoerari aurre egiteko sektore publikoak jokatu behar duen papera. Zentzu horretan, inbertsio sozialaren aldeko apustu garbia egiten dugu. Batetik, behar sozialei erantzuna emateko bidea delako beharrak geroz eta handiagoak diren honetan. Eta bestetik, kalitatezko enplegua sortzeko ere balio duelako. Horri, jarduerak sortzen duen itzulera ekonomikoaren abantaila gehitu behar zaio. Aldundiak ez du urrats bakar bat eman norabide horretan.
Oinarrizko beste zenbait eskubide ere aurrez aurre kolpatzen dituzte Aldundiaren politikek. Adibidez, etxebizitza eskubidea. Zer egin du Bizkaiko Aldundiak herrialdean izan ditugun milaka etxegabetzeak ekiditeko? Zer egin dute Aldundiak eta EAJk BBKn dituzten ordezkariek etxegabetzeen kontra? Zergatik ez die Aldundiak familia kaltetuei guk proposatutako laguntza psikologiko eta juridikoa eman nahi izan? Zergatik ez ditu erraztu Aldundiak bere esku dituen etxe hutsak? Oraindik 88 etxe mantentzen ditu hutsik. Herritarrenganako konpromiso faltak gidatu du Aldundiaren eta EAJren jarduna gai honetan ere.
Bizkaian pobrezia tasak gora doazen honetan, gizarte laguntzetan murrizketak aplikatu ditu Bilbaoren gobernuak. Laguntzak eskuratzeko baldintzak gogortu ditu. Politika prebentzionista bat bultzatu beharrean, arazoei aurre egiteko nahikoak ez diren partxeak jartzera mugatzen da.
Herritarren beharrekiko inplikazio faltak badu txanponaren kontrako aldea. Bizkaiko Aldundiak konpromiso oso sendoa agertu baitu, herritar guztion dirua xahutzen jarraitzeko. Horren erakusgarri, BECen kasua. BECen gestio txarrak eragiten duen zuloari buelta emateko gai izan ez, eta gainera, zorra itzultzeko atzerapenaren ondorioz, interes gehiago ordaindu beharko dugu bizkaitarrok. Supersurraren defizitak ere hazten jarraitzen du.
Bitartean, Kutxabank pribatizatzeko edo Bilbao Basket taldea bi aldiz erreskatatzeko zeru lurrak astintzeko gai direla erakutsi digute Aldundiak eta EAJk. Baina hatz bakar bat ere ez dute mugitu bankuak etxegabetzeak eten ditzan. Gogoratu behar da, Kutxabank dela Bizkaian etxegabetze gehien exekutatu dituen bankua.
Herritarren behar nagusienentzako ahaleginik ez du egiten Aldundiak baina Bilbao Basket erreskatatzeko 5 milioi euro baino gehiago berehala topatu zituen. Baita inolako bermerik eskatu gabe eman ere. Bestela, nola da posible sei hilabete beranduago, kluba kiebran egotea?
Bizkaiko Aldundiak hartzen dituen erabakiak ez dira gizartearen gehiengo zabalaren interesen aldekoak. Gutxi batzuei egiten die mesede eta gehiengoaren kontrakoak dira. Horregatik, Aldundi honen hirugarren ezaugarri nagusia, beharrezkoa zaiona, iluntasuna da.
Bilbaoren gobernuak zurruntasun osoz jokatzen du Bizkaiko gizartearekiko. Informazio partziala eskaintzen du, oinarrizko datuak ezkutatzen ditu eta oposizioaren lana oztopatzen saiatzen da ahalik eta gehien, Aldundiaren zenbait erabaki herritarrek ezagutu ez ditzaten.
Berezkoa du halaber, erabakiak bulego itxietan hartzea, gizarte eragileen parte hartzea ukatzea, eskakizunak dituzten herritar taldeekin ez biltzea. Finean, gizartearekiko urrun mantentzea. Ukiezina izatea.
EH Bildu osatzen dugunok bestelako gizarte bat dugu helburu. Egun daukagun ereduari buelta emateko aldaketa beharrezko ikusten dugu. Erakundeak gizarte beharrei erantzuteko daude eta norabide horretan jarri behar ditugu lanean. Guztion diruarekin kudeaketa arduratsua egin eta beti gizarte onuraren mesedetara bideratu behar dira guztion baliabideak. Horretarako, berme bakarra, erakundeen gardentasuna eta gizarte sektoreen parte hartzea dira.
EH Bilduk eta batzarkide talde honek, horretan jardungo du lanean eta norabide horretan jarraituko dugu Jose Luis Bilbaoren gobernuaren jarduna kontrolatzen. Bizkaian pairatzen dugun politika injustuak azaleratu eta gizarteratzen ahaleginduko gara indar eta ilusio guztiekin.
EH Bildu Bizkaia