Alternatibatik gure babesa adierazi nahi diogu Palestinako herriari, bakean eta askatasunean bizitzeko eskubidea dutelako eta, horregatik, gaurkoan Israelek palestinar lurraldean egiten ari den genozidioa gaitzesten dugu. Era berean, 1948. urtetik palestinarrek egunero pairatzen duten okupazioa eta zapalkuntza salatu nahi dugu.
Salatu nahi dugu, halaber, hainbat hedabideetan egunotan egiten ari dena, palestinarrek bere burua babesteko zilegitasun osoa dutenean, haien erantzuna Israelgo armadaren eraso antolatua, sistematikoa eta bortitzarekin parekatzen ari direlako, batez ere Gazaren kontra egiten ari diren erasoen harira.
Alternatibatik palestinarrek estatu independente gisa, Ekialde Jerusalem hiriburuduna, ezartzeko duten eskubidea eta nazioartearen utzikeriaren aurrean bota egin dituzten milioika errefuxiatuek beren lurretara bueltatzea babesten dugu.
Nazioarteak ezin du itsuarena egin okupatutako eta zapaldutako herri batek pairatzen duen genozidioaren aurrean, ezta herritarrek ere ez. Horregatik deitzen dugu Israelen kontrako BDS (Boikota, isunak eta desinbertsioak) kanpainarekin bat egitera, ezin dugulako ekonomikoki, ezta arlo kultural zein politikoetan, apartheid kriminala darabilen estatua sostengatu. Azkenik, ezinbestekoa deritzogu ematen ari den sarraskia azalerazteko Euskal Herrian egin daitezkeen elkarretaratze eta protesta guztietan parte hartzea.
Gure besarkadarik beroena palestinar herriaren erresistentzia eta asetasun gogoarentzat
Alternatibaren Mahai Internazionalista