Israelgo estatuak “Hegi babesgarria” izeneko operazio militarra martxan jarri zuenetik bere Armadak etengabe bonbardatzen ari da Gaza.
Palestinar biztanleriaren kontrako eraso ikaragarri bortitz honetan ondorioz 100 lagunetik gora hil dira eta beste hamarnaka zauritu. Hiru kolono gazteen bahiketa eta hilketak sorturiko zirrara baliaturik, zigor kolektibo bat ari da egiten Israel herri palestinarraren kontra.
Hau ez da defentsa ekimen bat eraso lazgarri baten aurrean, hau kolonizazioak eragindako suntsiketa eta heriotza balantze amaigabearen enegarren kapitulua da.
Munduko zonalde populatuenetariko den Gazaren kontra Israelek bultzatu duen erasoak, nazioarteko legeak ezartzen dituen proportzionaltasun, zuhurtzia eta borrokalarien eta zibilen arteko bereizketa printzipioak urratzen ditu, eta ikuspuntu horretatik ere guztiz arbuiagarria da.
Ezer konpontzetik urrun, eraso hauek lortuko duten bakarra egoera okertzea eta eskualdeko ezegonkortasuna handitzea izango da.
Horregatik EH Bilduk bortizkeriaren eskalatzea gelditzeko urgentziazko deia egin nahi du. Era berean, Nazio Batuen ebazpenek aldarrikatzen duten bezala, elkarrizketaren eta negoziazioaren bidezko gatazkaren konponbidearen beharra berretsi behar dugu.
Joan den apirilean Al-fatah eta Hamas erakundeek sustatutako batasun nazionaleko akordioak itxaropen handia piztu zuen Palestinan. Konpromiso horren beldur, Israelek erantzun militarra hobetsi du. Alta, palestinarren arteko batasun hori, mehatxu gisa ulertu beharrean, aukera eta norabide egokian emandako urrats gisa ulertu behar da. Palestinako herriaren ahots bateratuak edozein irtenbide errazten duelako.
Zalantzarik ez dago, estatu palestinar baten aitortzera eramango duen negoziazio prozesu inklusibo batek soilik jar dezake konpontze bidean, sufrimendu izugarria eta Palestina eta Israelen ez ezik eskualdean etengabeko ezegonkortasun eragin dituen gatazka hau.
Sarraski hau salatu eta Palestinarekin elkartasuna adierazteko, herritarrak igandean, uztailak 13, Bilbon egingo dugun ekitaldira deitu nahi ditugu herritarrak. 12:30etan izango da, Unamuno plazan. Bertan, besteak beste, FDLP Palestinaren Askatasunerako Fronte Demokratiko ordezkari batek hartuko du hitza.