Estatu espainiarra bere horretan dirau; epaiketa politikoak ezkerreko mugimendu zein ekintza politikoak zapaltzeko tresna boteretsua eskuan. Oraingoan, beste hainbatetan bezala, euskal gazteria du ituan, eta geziak zorrotz datoz. Makroepaiketa berri honek Euskal Herriko 28 gazteen kontra egiten du, beste modu batean pentsatu eta gizarte libreago bat aldarrikatu eta eraiki nahi izanagatik.
Egoera honen aurrean ezin gara geldirik geratu eta ez gara geldirik geratuko. Horregatik, Alternatibatik euskal gazteriaren kontrako jazarpen berri hau salatu nahi dugu eta behingoz, eskubideen urraketa sistematikoarekin buka dezatela eskatzen dugu. Epaiketa honekin gazteen kontra egin ez ezik, euskal herritar guztien eskubide oinarrizkoena ari direlako zapaltzen: adierazpen askatasuna, alegia.
Hau guztia dela eta, makroepaiketa bertan behera uzteko exijitzen dugu, edota pasa den ekainean Entzutegi Nazionalak auziperatutako 40 gazte absolbitu zituenean bezala, 28 gazte hauek ere absolbitzea.
Garai latzak izan dira eskubide zibil eta politikoentzat, adierazpen askatasunaz hitz egiteko eta pentsatzeko aukera gabekoak. Baina harresiak botatzeko eta hainbat hamarkadetan pairatutako bidegabekeria horrekin bukatzeko garaia heldu zaigu orain. Horregatik, euskal herritarrok ez dugu amore emango eta ez dugu gure gazteen kontrako jazarpen gehiagorik onartuko. Tinko mantenduko gara 28ak ere jazarpenik gabe eta libre izan arte!
#28akereLIBRE nahi ditugu! Gora euskal gazteria!