Alternatibako bozeramaile nazional Asier Vegak ETAren agiria izan du hizpide “bake prozesua eta gatazkaren konponbidea oinarri duen pauso definitiboa dela” ziurtatuta. Vegak “agiri honen bitartez, konfrontazio desberdinen eraginez izan diren ondorioak gainditzeko bidea ireki dela” uste du, “bake justua eta iraunkorra lortzea ahalbidetuko duena”. Aldi berean, ETAk “eragileen lekua hartzeko duen borondaterik ez duela” azpimarratu du, “Euskal Herriko indarren elkarlanari eta gizartearen aktibazioari protagonismo osoa emanez”.
Zentzu horretan, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak “Espainiako gobernuari, presoen irteera progresibo baten bitartez bere espetxe politikaren erabateko aldaketa exijitzeko garaia dela” nabarmendu du; duela 30 urte baino gehiago egin bezala, egun modu arbitrarioan eta helburu politiko argiekin urratzen diren euskal presoen eskubideak berrezartzea ahalbidetuko duena. Eta bide batez, Euskal Herrian indarkeria poliziala eta paramilitarra pairatu dutenenei sufrimendua aitortzea, oraindik biktima izaera ere ez dutenak”.
Aldi berean, Vegak horrela berretsi du “Auzitegi Nazionala bezalako salbuespen epaitegi bat existitzea eta armak utzi dituen erakunde bati lotutako berariazko lege antiterrorista egitura oraindik aplikatzea inolako zentzurik ez duela”, eta horregatik, “espetxe politika salbuespenak mantentzea eutsiezina dela” adierazi du. Hau dela eta, “sakabanaketaren amaiera eta zigorra bete edota gaixo larri dauden presoen berehalako kaleratzea exijitu du”.
Bukatzeko, Alternatibatik sakabanaketaren erabilpena inoiz defendatu duten eta oraindik ere defendatzen duten indar politikoak – PP, EAJ eta PSOE – premiatu ditu “euskal gizartearen gehiengo zabalaren eskaerari entzungorrarena egiteari utz diezaioten eta behin betikoz, praktika antidemokratiko honekin amai dezatela, Bake Foro Sozialaren aholkuek jasotzen duten moduan”.