Deialdian adierazi bezala, agerraldi honen bidez EH Bilduk babesa adierazi nahi dio larunbat honetan Donostian burutuko den “Preso gaixoak kalera!” lelodun manifestazioari.
Gaixotasun larri edota sendaezinak dituzten presoei ezartzen ari zaien espetxe politika ankerkeria eta mendekuaren adierazle nagusia da. Mendekuan eta giza eskubideen urraketa sistematikoa oinarri duen espetxe politika ezartzen zaie euskal presoei.
Larriki gaixorik dauden Ibon Fernandez Iradi, Gari Arruarte eta Aitzol Gogorza preso gipuzkoarren askatasunaren aldeko herri ekimenek deitu dute larunbateko mobilizazioa. EH Bilduk salatu egin nahi diru hiru preso hauek zein gainontzeko gaixo larriek pairatzen duten egoera. Nabarmentzekoa da aste honetan berriro ere Ibon Iparragirre preso ondarrutarra isolamendura zigortu dutela eta Aitzol Gogorzari askatasuna ukatu diotela.
Ankerkeria eta mendekua ez da ordea soilik presoei mugatzen. Senide eta lagunak ditu ere jo puntuan. Horren adibide gordina da Badajozen preso dagoen Igor Gonzalez Solaren amak, Bixenta Solak, istripu baten ondorioz izaniko zauriak artatzeko anbulantzia bat deitzeari uko egin ziotela kartzelariek.
Bada garaia mezu argi bat luzatzeko: Aski da espetxe politika bake eta konponbidearen aurka erabiltzeari. Ez dugu sufrimendu eta krudeltasun gehiagorik normaltasunaren baitan kokatzen utziko. Gaixo diren presoak etxeratu arte ez dugu etsiko. Euskal preso politiko guztiak Euskal Herrira ekarri, lehen fasean, eta guztiak kaleratu arte ez dugu atsedenik hartuko.
Hau ez da gure aldarrikapen isolatua, hau euskal gizartearen gehiengo zabalaren nahia besterik ez da, eta gauzatzeko ordua da. Amaitu dira aitzakiak: gauzatzeko ordua iritsi da.
Horregatik, herritar orori deia luzatzen diogu larunbatean burutuko den manifestazioarekin bat egiteko eta era berean, presoen eskubideen aldeko dinamika zabala biderkatzeko.