Joan den abuztuaren 15ean Cristina Uriarte andereak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak parte hartu zuen alarde baztertzailea antolatzen duen elkarte pribatuaren egoitzaren estreinaldiko ekitaldian. Gogoratu behar dugu elkarte hori, “Alarde Fundazioa Hondarribia” legeztatu gabe geratu zela emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna urratzen zuelako.
Euskal Herria Bildu koalizioak lotsagarri jotzen du EAJk eta Urkulluren Jaurlaritzak alarde baztertzailearen antolatzaileei ematen dien babesa. Hau da, bere garaian berdintasunaren printzipioa betetzen ez zuelako legeztatu gabe geratu zen elkartea babesteagatik. Lotsagarria.
Hondarribiko alkate jeltzalearen jarrera ezagutzen genuen. Orain, berriz ere, Jokin Bildarratz, EAJko senatariaren adierazpenek agerian uzten dute EAJren konplizitatea alarde baztertzailearen antolatzaileekin.
Edozein kasutan, gure ustez, larriena Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren jarrera eta inplikazioa da. Ezin onar daiteke Jaurlaritzaren sailburu garrantzitsuenetariko batek emakumeak baztertzen dituzten taldeak babestea.
Egoera honen aurrean, EHBilduk Cristina Uriarte anderearen agerraldia eskatuko du Gasteizko Legebiltzarrean bere jarduerak eta jarrerak azal ditzan: Zergatik babesten duen emakume eta gizonezkoen arteko berdintasun printzipioa urratzen duen elkarte pribatua? eta zergatik ez du defendatzen emakumeen parte hartzea gizonezkoekiko berdintasunez, alarde bakarrean, publikoan eta ez baztertzailean?
EAJk emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasuna defendatu beharko luke. Lan munduan, politikan, jendartean eta baita jaietan ere. Horregatik, Jaurlaritzako kontseilariei exijitzen diegu berdintasuna urratzen dutenei babesik ez ematea. Aldiz, berdintasunaren alde egunero lanean dihardutenak babesteko eta laguntzeko eskatzen diegu.
Bukatzeko, beste behin ere, gure babesa adierazi nahi diegu emakumeen bazterketarik gabeko jai herrikoi eta demokratikoen alde lan txalogarrian aritzen diren pertsona guztiei. Eta hemendik, Uriarte Anderea hurbileko etorkizunean berdina egitera premiatzen dugu.