Alternatibako Mahai Internazionalistako bozeramaile Diana Urreak ontzat eman du Gazako Zerrendan hitzartutako su etena “50 egun eta 50 gau iraun ditun erasoaldi desorekatu bati amaiera ematen diolako, milaka emakume, gizon eta ume bonbardatu eta sarraskitu dituena, Israelgo Estatuaren okupazioa hasi zenetik bere lurraldeen askatasuna aldarrikatu duen herri baten eskubideak modu sistematikoan urratuz”.
Aldi berean, Urreak Israelen ‘behin-betiko’ su eten delako hori “engainagarritzat jo du” hain zuzen “aurreko menia guztiak hautsi dituenean”. Horrexegatik, “estatu genozida honi adi kasu egitearen beharra” azpimarratu du, “bere helburu bakarra kolonizazio hedapen proiektuarekin aurrera egitea eta herri palestinarra ezabatzea delako”.
Egoera honen aurrean, Alternatibatik “nazioarteko herrialdeen isiltasun konplizea” salatu nahi izan dute, beste behin ere, “neurri honetako genozidio baten aurrean ezikusiarena egin dutelako”. Hau dela eta, alderdi ezkertiarretik Euskal Herriko jendarteari zein munduko herri solidario guztiei dei egin diete “Palestinaren askatasuna aldarrikatzen eta BDS mugimenduaren boikot kanpaina babesten jarrai dezatela, Palestinako herriaren oinarrizko eskubideak behin eta berriro zapaltzen dituen apartheid sistema honekin behingoz buka dezagun”.