EHBilduk gaur goizean baloratu du, atzo Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean agertu bezala, merkataritza ordutegiei dagokienez, Bilbo eremu turismo handiko eremutzat jo izana. Ana Etxarte zinegotziak adierazpena gogor kritikatu du soilik merkatal kate handiei on egiten baitie, merkatu txikia “babesik gabe utzi eta desagerpenera kondenatuz, langileen baldintzak gero eta gehiago kaskartuz”.
Ezkerreko zinegotzi soberanistak, aipatutako adierazpena EAJ-k Bilbon merkatu ertain eta txikia kaltetzeko duen estrategiaren baitan kokatu du. “PPk Madriletik inposatutako merkatuaren liberalizazioaren onarpenarekin ikusi ahal izan dugu” adierazi du Etxartek.
Zentzu honetan, Etxartek salatu du Eusko Jaurlaritzak, Arantza Tapiak hain zuzen, “egiari muzin egin diola” ez baita egia “irekiera librearen aukera ahal den gehienera mugatzen duenik”.
EHBilduko zinegotziaren ustez, Gasteizko exekutiboak goian aipatutakoa benetan egin nahi izan balu, “eremu turistiko handiko eremu, auzo bakar bat, edo Guggenheimaren inguruko bizpahiru kale izendatuko lituzke. Dekretuak, zonalde bakar bat eremu turistiko handiko eremu izendatzearekin nahikoa izango litzatekeela adierazten baitu. Aldiz, bost auzo izendatu dituzte (Abando, Indautxu, Garellano, Alde Zaharra eta Deustu), hiriaren erdigune osoa hain zuzen. Honek zera adierazten du, azalera handiko merkatu, supermerkatu eta kate komertzial handientzako ordutegi askatasunari ateak irekitzea”.
Etxartek azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak, merkatu ertain eta txikia babestetik urrun, Bilboko EAJren gogo liberalizatzaileei men egin diela, “dekretua publikatu bezain pronto Lakuari hiriko erdigune osoaren liberalizazioa onartzeko eskatu baitzion”.
“2012ko otsailaz geroztik, hau da, EAJ, PP eta PSOEk, EHBilduren oposizio bakarraz, 8 jai egunetako egutegia aurrera atera zutenez geroztik, EAJk ez du etenik izan kate komertzial handiak bultzatzeko ekimenean, Rajoyren dekretua aitzakia baino ez da, PPk bultzatutako proiektua martxan jarriko du EAJrenaren berdin berdina izanik. Hau guztia, kate handien etekinak handitzea baino ez du ekarriko” deitoratu du Etxartek.
EHBilduren zinegotziak adierazi du neurri honek merkatu txikia babesik gabe uzten duela, “desagerpenera kondenatu eta langileen eskubideak gero eta gehiago kaskartuz. Hau, ordutegien liberalizazioa aplikatu den beste eremu batzuetan gertatu da jadanik, Madril eta Valentzia kasu”.
Azkenik, Etxartek Andoni Aldekoa alkatetzako ordezkariarengana zuzendu da, “merkatu txikiaren gainean etengabe jazarpen politika ezartzen duen arren, haren konpromisoa eskatzen jarraitzen duelarik”, merkatu ertain eta txikiarekiko zein langileekiko EAJren konpromisoa zein dengaldetzeko. Non ote dago kaltetuen aterako diren auzoetako merkatuekiko konpromisoa?”.