Alternatibako bozeramaile Diana Urreak herritarrei dei egin die hurrengo irailaren 8an, berriro ere, “Hondarribiko kaleetara irten daitezela, urtetik urtera, alardean emakumeen bazterketarik gabeko jai libreen alde borroka egiten duten guztiak babestera”. Urreak “Hondarribiko eta Irungo ehunka emakume eta gizonen merezimendua eta esfortzua” gailendu du “atsedenik gabe eta indarra biziaz eskubideak konkistatzen jarraitzen dutelako, konplexurik gabe emakumeen eskubideak urratzen dituzten hainbat instituzioei aurre eginez”.
Aldi berean, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak “Urkulluren gobernuak Hondarribiko eta Irungo udalei erakusten dien konplizitatea” deitoratu du, “alarde sexisten zerbitzura baliabide publikoak bideratzen dituenean, berdintasunerako oinarrizko eskubidearen urraketa baimenduz”. Zentzu horretan, exekutiba jeltzalea bere konpromisoa erakusten duen “pauso ausartak ematera” premiatu du “bi herrietako alkateak legea betetzera behartzea adibidez, Hondarribian urtero Berdintasunerako Legea urtero urratzen baita”.
Azkenik, Alternatibatik bere babes osoa agertu nahi izan diote Jaizkibel konpainiari, hala nola, kale nagusian gora laguntzen duten pertsona guztiei ere, “gatazkaren konponbidean instituzioei aurrea hartu dietela erakusten dutelako”. Bukatzeko, “eskubideak ez bozkatu, ez negoziatu; eskubideak irabazi egiten direla” aldarrikatu dute, horregatik, euskal jendarte osoari eskubideak konkistatzen jarraitzera dei egin diote “Euskal Herriko jai eta tradizio guztietan emakumeen parte-hartzea defendatuz”.