Alternatibako bozeramaile eta EHBilduko legebiltzarkide Oskar Matutek prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean PNV eta PSEren arteko harremanak eta antzerki lanak baloratzeko, Mendiak azken egunetan eginiko adierazpenen harira.
Bere kongresuaren ostean, PSEk berrikuntzaren irudia saldu nahi digu. Irudia faltsua. Izenak baino ez dituzte aldatu, eta ez gehiegi, baina izen horiek porrot egin duen politikari jarraipena emango diote.
Proiekturik gabeko alderdia da PSE, noraezean dabil. Antzerki lanetan ari da PSE, eztabaidaren erdian kokatu nahian. Baina herri honetarako inolako proposamenik ez dauka.
Ez da egia Mendiak eskuak lotu gabe dituenik. Lotura ugari ditu: Madriletik datozenak eta bere alderdiak babesten dituenak; baita Zapateroren gobernuak bere garaian ezarritakoak ere; eta gainera ez dute asmorik politika horiek aldatu eta bestelakoak aktibatzeko.
EAJrekin desadostasuna taularatzen ari dira sozialistak, baina ez dute benetan gatazkarik bilatzen, haien burua salbatzeko aukera bakarra dutelako jeltzaleen esku. Erosotasuna da bilatzen ari direna, ezkerreko ikuspegiak zeharo ahaztuta.
PSEk badu egungo egoera larriaren arduraren parte bat. Langabezia, zerbitzu sozialen galera, murrizketak… aurreko legealdian hasi ziren guzti horiek.
Bizi dugun egoera sozial eta ekonomikoaren tamainako erantzun politikoa behar du gizarteak, baina sozialista eta jeltzaleen arteko itun honek oso bestelako interesak ezkutatzen ditu.
Herri honek akordioak behar ditu eragile politiko, sindikal eta sozialekin. Eta gogoratu behar dugu PSEk herri honen ukazioa babesten duela. Bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea ukatzen diola.
Indarrak metatzeko garaia dela diogu: gure erabakitzeko eskubidearen inguruan eta gatazkaren ondorioak gainditzeko bidean aurrera egiteko konpromisoak lortzeko. Bada garaia Madriletik ezartzen dizkiguten inposizioen aurrean eskaintza politikoa egiteko euskal gizarteari.
PSE ez dago egoera honetan, ez du borondaterik inolako eskaintzarik egiteko, ez maila politikoan ezta ekonomikoan ere ez. Madrilek esandakoaren aurrean makurtu egiten delako.