Datorren astean, urriaren 7an, Kultur Alternatibak Gorripidearen babesarekin antolatutako hitzaldi sortari hasiera emango diogu, Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan, Europa eta Estatu Batuen arteko Merkataritza eta Inbertsiorako Itun Transatlantikoaren testuingurua eta bere ondorio larriak sakonki aztertuko dituena. “TTIP: Transnazionalen inbasioa geldiaraz dezagun” lemapean, hitzaldietan nazioarte gaietako adituen parte-hartzea izango dugu: ikerlari sozial eta Ecologistas en Accion-eko kide Tom Kucharz, ELA sindikatuko nazioarteko arduradun Laura Gonzalez de Txabarri, EHUko irakasle eta zuzenbidean doktore Juan Hernandez eta ATTAC-eko kide eta ekonomista Jose Ramon Mariño, Alternatibako bozeramaile eta EHBilduren legebiltzarkide Oskar Matuteren parte hartzearekin batera.
Bozeramailearen esanetan, “une honetan, AEBetako eta EBeko gobernuek sustatutako transnazionalen eta Europako arteko norgehiagoka baten lekuko gara. TTIP deritzon merkataritza eta inbertsiorako itun transatlantikoaren mehatxua dago mahai gainean, Europako herritarroi pobrezia, pribatizazioa, natur baliabideen galera, osasunerako arriskua eta demokraziaren okertzea ekarriko diguna”. Laburbilduz, “pertsonen eskubide eta duintasunaren kontrako eraso bortitza dela” gaineratu du.
Zentzu horretan, Alternatibatik “itun horren inguruan ikuspegi kritikoa sustatu eta haren kontra erresistentzia eraikitzeko apustua” egin nahi dugu. Guzti horregatik, beste eragile sozial, sindikal eta politiko batzuekin batera partekatuko ditugun borroka esparruetatik haratago, urriaren 11n Europako TTIParen kontrako Eguna ospatzen adibidez, alderdi ezkertiarrari lotuta dagoen elkarte kulturalak konferentzia hauek antolatu nahi izan ditu aipatutako norabide horretan aurrera egiteko. Jardunaldiak urriaren 7an, 8an, 27an eta 28an izango dira, Bilbon, Oreretan, Iruñean eta Gasteizen hurrenez hurren.
Aurretik esan bezala, hitzaldiak antolatzeko ATTAC, Ecologistas en Accion, EHUko hainbat irakasle eta eragile sozialekin kontaktuan jarri gara, ingurumenaren ikuspuntuaz gain, ikuspegi eta perspektiba desberdinetatik, soziala zein ekonomikoa, TTIParen onespenak ekarriko dituen ondorioetan sakondu ahal izateko.
Urriak 7, Bilbao, Hika Ateneo,19:00
– Tom Kucharz (Ecologistas en Acción)
– Oskar Matute (Alternatiba)
Urriak 8, Orereta, Mikelazulo, 19:00
– Tom Kucharz (Ecologistas en Acción)
– José Ramón Mariño (ATTAC)
Urriak 27, Iruñea, Katakrak, 19:00
– Laura Glez. de Txabarri (ELA)
– Tom Kucharz (Ecologistas en Acción)
Urriak 28, Gasteiz, Aldabe, 19:00
– Laura Glez. de Txabarri (ELA)
– Juan Hernández (EHU-UPV)
– José Ramón Mariño (ATTAC)