Gipuzkoako Foru Aldundiak 165.000 euro emango ditu Emakumeen Munduko Martxarekiko lankidetza proiekturako. Emakumeen Mundu Martxa nazioarteko mugimendu feminista bat da, mundu osoan emakumeen pobreziaren eta haien kontrako indarkeriaren arrazoiak desagerrarazteko lanean dabilena, eta aste honetan Donostian egingo du bere biltzar europarra. Foru erakundeak tokiko mailan nahiz nazioartean eman nahi du babesa eta, horregatik, bi hitzarmen sinatuko dira: bata, MMM Forum Mulherreko nazioarteko idazkaritzarekin sinatuko da –Mozambikeko gobernuz kanpoko erakundea-; bestea, berriz, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxarekin –mugimenduaren tokiko plataforma, Euskal Herriko hainbat elkarte feminista biltzen dituena-.
Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodriguezek, gaur aurkeztu ditu bi hitzarmenak Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako ordezkari Idoia Trenorrekin. MMMko nazioarteko idazkaritzako ordezkari den Graça Samok Mozambiketik bidalitako bideo baten bidez hitz batzuk esan ditu Aldundiaren laguntza eskertzeko. Akordio horien arabera, bi erakundeek hainbat jarduera egingo dituzte, emakumeen eskubideen alde eta indarkeria matxistaren kontra, bai gure inguruan eta baita nazioartean ere. Beren ekimenen artean, nabarmena da aste honetan bertan Donostian egingo denaren garrantzia. Izan ere, urriaren 10etik 12ra, Gipuzkoako hiriburuak Emakumeen Mundu Martxaren Europako Topaketa hartuko du. Herrialde askotako ordezkariak bilduko dira. Topaketa honetan, besteak beste, 2015ean kontinente osoa zeharkatuko duen karabana feministaren azken xehetasunak zehaztuko dira.
Diputatuak salatu du “gaur egun, pobrezia egoeran dauden 10 pertsonatik 7 emakumeak dira, eta horietatik % 60k indarkeria fisikoa naiz sexuala sufritzen dute. Mundu osoan dauden gizarte eskubideen urraketak jasaten dituzten emakumeak. Ezin dute parte hartu beren bizitzetan eragina duten erabakiak hartzerakoan.” Testuinguru honetan, Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu nahi du “desberdintasun horiek desagertu daitezen antolatu egiten diren eta elkarrekin borroka egiten duten emakumeen ahalduntzea”. Horregatik, Foru Aldundiak, nazioarteko gizarte mugimenduekiko lankidetzaren bidez, garapenerako kooperazio politika eraldatzaile bat sustatzearen aldeko apustua egin du, pobrezia desagerrarazteko helburuarekin, egiturazko kausetan eraginez -kausa politikoak, ekonomikoak, soziala, ingurumenekoak eta generokoak-.
“Kooperazio eraldatzaile bat sustatzeko eta aliatu estrategikoekin lankidetzan aritzeko ezinbestekoak da tokiko nahiz nazioarteko mugimendu sozial emantzipatzaileekin akordioetara iristea, hala nola Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxarekin (EHEMM) eta Emakumeen Nazioarteko Mundu Martxarekin (Fórum Mulher). Izan ere, horien helburu nagusia da borroka feminista, antikapitalista eta internazionalista. Bai Euskal Herrian eta baita munduko beste lekuetan ere, sare honetan integratuta dauden oinarrizko talde eta erakundeak lanean ari dira, pobrezia eta emakumeen kontrako indarkeria eragiten duten kausak desagerrarazteko. Haien balioak eta ekintzak aldaketa sozial, ekonomiko eta politikorantz bideratzen dira, eta Gipuzkoak Foru Aldundiak bat egiten du aldaketa horrekin.”