Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek gaur goizean Lokarrik iragarritakoa izan du hizpide, alegia, datorren urteko martxotik aurrera beren jarduerari utziko diola. Ordura arte, bakearen eta herri honetako normalizazio politikoaren alde lanean jarraituko dute, “duela 8 urte jaio zenetik gaur arte sutsuki egin duten bezalaxe, ehunka lagunen artean, beren buruaz dioten bezala, akordioaren, kontsultaren eta berradiskidetzearen aldeko sarea osatuta”.
Alderdi ezkertiarretik eskertu eta nabarmendu egin dituzte “bakerako ezinbestekoak” izan diren Aieteko Konferentzia edota Bakerako Foro Sozialaren deialdi desberdinak, zeinetan gizartea bakea lortzeko helburuan inplikatzea lortu duten, “mugarriak izan dira Euskal Herriko normalizazio politikoaren, gatazkaren konponbidearen eta gizartearen berradiskidetzearen bidean, bakea nagusi izango duen etorkizun baterako oinarriak jartzen lagundu dutela, Paul Rios eta Lokarri osatzen duten gainerakoekin zorra izango duen etorkizuna, hain zuzen ere”.
Azkenik, Matutek azpimarratu egin du “oztopoen gainetik eta beren lanaren inguruan gezurretan aritu diren arren, Lokarrik lan txalogarria” egin duela eta, horregatik, “hutsune handia utziko du euskal gizartean”. Hala ere, gaineratu du bozeramaileak, “beren bidea amaitutzat emango dutela esatearekin berez albiste pozgarria zabaldu dute, izan ere, gaurko agerraldian azaldu dutenez, atzera egiterik ez duen bake prozesu baterako baldintzak lortu direla berresten du”.