Bizkaiko Aldundiak biltzen duen materia organikoaren %99 baino gehiago Zabalgarbin erre edo zabortegietara botatzen da. EH Bilduren ustez, Bizkaiko birziklatze datuak hobetzeko gakoa hondakin organikoaren kudeaketa hobetzean datza. Atxikita bidaltzen dizkizuegu prentsa oharra eta agerraldiko argazkia. Agerralgia egin dute Xabier Zaldua Berrizko zinegotziak, Mila Mondragon Mallabiko alkateak, Asier Vega Alternatibako kide eta EHBilduko batzarkidea eta Maria Asun Gaztelu Larrabetzuko alkatea.
Hondakinen birziklatze datuek agerian uzten dute Europak ezartzen dituen helburuak bete nahi baditugu oraindik hobekuntza nabarmenak behar ditugula Bizkaian. Zalantzarik gabe, hondakin organikoen bilketa zein konpostaje tasa hobetzea da erronkari aurre egiteko gakoa. Izan ere, etxeko hondakinen %40 inguru da hondakin organikoa, baita sailkatu gabe jasotzen den hondakinen zatirik handiena ere.
Iazko datuei erreparatuta, Foru Aldundiak berak aitortu zuenez, Bizkaian hondakin organikoen %0,58a konpostatu zen soilik. Beraz, hondakin organikoen %99 baino gehiago errefusarekin batera nahastuta, Zabalgarbin erre da edo zabortegietara bideratu da. Artigaseko konpostegian, berriz, 3500 tona jaso ziren iaz, zabortegiak jaso dezakeenaren bosten batera ez zen iritsi. Kopuru horretatik, 400 tona jaso ziren soilik 5. edukiontziaren bidez.
Era berean, azpimarratu behar dugu Bizkaiko Uri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralak ezartzen duen helburua oso apala den arren (2016an hondakin organikoen %4 biltzeko helburua zehazten du), helburu horretatik oso urrun gaudela oraindik. Zentzu horretan, oso interesgarriak iruditzen zaizkigu Bizkaiko hainbat herritan abian diren zenbait esperientzia.
Hori dela eta, EH Bildutik proposamena aurkeztu diogu Bizkaiko foru Aldundiari eta Batzar Nagusietako datorren osoko bilkuran eztabaidatuko da. Ondorengo lau puntuak jasotzen ditu gure eskariak:
1.- Sukaldatutako organikoa konpostatze katera gehitzea. Egun sukaldatutako organikoa kate horretatik baztertzen da, kalitatezko konposta eragozten duela argudiatuta baina frogatuta dago sukaldatutako organikoarekin ere kalitatezko konposta egin daitekeela. Euskal Herriko hainbat tokitan eta Europako herrialdeetan ere hala egiten da.
2.- Bizkaiko herrietan organikoaren bilketa handitzeko eta konpostatzeko garatu daitezkeen esperientzia pilotu berriak lagundu eta bultzatu daitezela. Bizkaian abian dauden hainbat esperientziak izugarrizko emaitzak lortu dituzte, 5. edukiontziak lortu duena baino maila askoz handiagoan. Gainera, herrietan bertan kudeatzen eta berrerabiltzen den konposta sortzen dute.
3.- 5. edukiontzia herri handietara gehiago zabaltzeko eta erabilera sustatzeko baliabideak indartzea. Herri handietan ez du erabilera handirik. Adibide argiena Bilbo bera da, Bizkaian hondakin gehien eragiten duen tokia.
4.- Landa inguruetan zein familiabakarreko auzuneetan autokonpostatzea sustatzeko eta bultzatzeko baliabide gehiago eskaintzea. Landaguneetan hondakin organikoaren autokudeaketa bultzatzea da irtenbidea, urteetan era naturalean egin izan den bezala. Bide horretan, ezinbestekoa da laguntza gehiago eskaintzea besteak beste autokonpostagailuen erosketarako eta erabilpenerako.
Hondakin organikoaren kudeaketa arrakastatsuaren adibide bezala, Mallabia, Berriz eta Larrabetzuko esperientziak ekarri ditugu gaurkoan, ikusarazteko, praktikan badaudela bestelako bide eraginkorragoak hondakin organikoaren kudeaketarako eta horiek indartu, sustatu eta laguntzea dela bidea.
MALLABIA
Mallabian autokonposta egiteko aukera erraztu zaie baserriei eta lursailen bat duten etxebizitzei. Guztira, 104 etxebizitzek parte hartzen dute. Horrez gain, herrigunean lau gune prestatu dira auzo-konposta egiteko eta beste 101 etxebizitzek parte hartzen dute era horretan. Osotara herritarren %48a da batean edo bestean parte hartzen dutenak eta konpostatzen den guztia herrian bertan berrerabiltzen da. Arrakasta ikusita, konpost guneak handitzeko eta berriak egiteko asmoa dugu Udaletik.
Bestalde, konposta egiten duten erabiltzaileei %15eko hobaria eskaintzen diegu zabor tasetan. Horrez gain, hondakin guztiak gaika sailkatzeko asmoz ekarpen guneak jarri dira edukiontzi ezberdinekin herriko lau auzotan, errefusakoa barne. Ekarpen gune horiek beste auzo batzuertara zabaltzeko asmoa du baita ere Udalak.
Gogoratu behar dugu Mallabia Debabarrenako mankomunitatean dagoela eta zailtasunak ditugula gisa honetako proiektu hauen finantzaziorako.
LARRABETZU
Larrabetzuko proiektua Gurpide baserritar eta kontsumitzaileen elkarteak bultzatu du eta proiektu honen bidez, baserritarrek eta Larrabetzuko Udalak etxeetako hondakin organikoen kudeaketa adostu dugu.
Gurpide sortzeko, Austriako hainbat herritako esperientziak izan ditugu eredu. Herritarrek hondakinak bereizten dituzte, baserritarrek etxe atarietan biltzen dute hondakin organikoa eta ondoren konpostatu egiten dute haien lurrak ongarritzeko edo merkatuan saltzeko (gehienez jasotzen dutenaren %20 bideratu dezakete salmentara).
Udalak baserritarrari bilketa eta garraioa ordaintzen dizkio. Organiko gordina eta sukaldatukoa biltzen da astean hiru egunetan eta ondoren, konpostatzera eramaten da IK4 Azterlan taldearen segimendu teknikoarekin, konpostaren kalitatea bermatzeko.
2013ko urrian abiarazi genuen ekimena 30 etxetan eta elikagai denda batean. Gaur egun 105 etxe, elikagai denda bat eta taberna-jatetxe batek parte hartzen dute proiektuan eta 2015ko urtarrilerako 70 etxebizitza eta saltoki 2 gehituko dira. Urte beteko epean 26 tona organiko bildu dugu.
BERRIZ
Aurreko legealdian jarri zen Berreziklatu egitasmoa martxan. Ekimena Berriz Maite Dugulako herri mugimenduak abiatu zuen autokonpostari buruz antolatu zuen ikastaro arrakastatsu baten ondorioz. Hasiera batean, 65 familiek eta hiru merkatarik eman zuten izena baina gaur egun, 122 familiak eta sei merkatarik parte hartzen dute. Uneotan herritarren %10a dago sistema honen barruan.
Hondakin organikoa hiru egunez biltzen da astean, etxez etxekoaren edo 5. edukiontziaren bidez. Hilero 4.500 kilo organiko jasotzen dira herriko konpostaje plantan eta herrian bertan kudeatzen da kopuru osoa. Hasieran inbertsioak egin behar izan ziren baina inbertsioak egin ostean, gastuak murriztu egin dira.
Sukaldatutako materia organikoa ere jasotzen da eta Azterlan talde teknikoak egindako ikerketen arabera, kalitate oneko konposta da lortzen dena. Ekimen honen ondorioz, herrian gero eta hedatuago dago organikoa berrerabiltzearen aldeko kontzientzia.
POSIBLEA DA
Esperientzia guzti hauek frogatzen dute hondakin organikoen berrerabilera eta konpostatze maila hobetzea posible dela, baita emaitza arrakastatsuak lortzeraino ere. Bizkaian hainbat herri daude norabide horretan aurrerapauso interesgarriak eman dituztenak eta horregatik uste dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eredu gisa hartu behar dituela.