Pobreziaren Aurkako Nazioarteko Egunean Diana Urrea Alternatibako kide eta EHBilduko legebiltzarkideak galdera egin dio Urkullu lehendakariari, “Jaurlaritzak pobreziaren feminizazioaren aurka lan egitea lehentasun moduan duen jakiteko”. EH Bilduren ordezkariak adierazi du “pobreziak eta bizitzaren prekarizazioak emakume aurpegia duela”.
Lehendakariak, ordea, ez du pobreziaren feminizazioaren inguruko hausnarketarik egin. “Diru Sarrera Bermatzeko Errentaz hitz egin du soilik eta hitzartze autokonplazientea egitera mugatu da. Guk aldiz, Jaurlaritzak egiten duen murrizketa politikak emakumeengan dituen ondorioez hitz egin nahi genuen. Jakin nahi genuen ia murrizketa horiek geratzeko asmoa duen Jaurlaritzak”, azaldu du Urreak.
Legebiltzarkideak azaldu duenez, honako datu hauetan zerikusia dute Jaurlaritzaren politikek:
– Emakume eta gizonen soldaten arteko arrakala 8.000 eurokoa da.
– Lanaldi partzialen %83 emakumeek egindakoa da.
– Pobrezian erortzeko arriskuan dauden pertsonen %82 emakumea da.
– Pobrezian dauden pertsonen artean, %74 dira emakumeak.
– Ordaindu gabe egiten den zaintza lanaren %72 emakumeek egiten dugu.
– Kontratu gabe lan egiten dutenetatik %90 emakumeak dira.
– Kooperaziora bideratzen den dirua murriztu da.
– Sektore feminizatuetan egin dira erakunde publikoetatik murrizketa erasokorrenak.
– Indarkeria matxista salatzeko salaketak murriztu dira.
– Etxeko lanak egiten dituztenen artean (gehienak emakumeak) %82 –k minimo interprofesionalaren azpitik kobratzen du.
– Kontziliaziorako laguntza jaso gabe geratu dira 12.000 familia.
– 50.000 familia diru sarrerarik gabe bizi da, horien artean, gehienak emakumeak.
– Emakundek Ertzaintzaren uniformeen aurrekontuaren adinako aurrekontua du, ez gutxiago ez gehiago.