Jaurlaritzak aurkeztutako 2015erako aurrekontu-proiektuak hezkuntzan, osasunean eta zerbitzu sozialetan, oinarrizko arloetan beraz, murrizketak pairatzen jarraitzera kondenatzen du euskal jendarte osoa”, ohartarazi du gaur EH Bilduk. Leire Pinedok, Oskar Matutek eta Unai Urruzunok azaldu dutenez, Urkulluren Gobernuak “aurreko urteotako eskemak errepikatzen ditu eta denok dakigu betikoa eginez gero, emaitza betikoa izango dela, murrizketetan oinarritutako ereduan sakontzeak murrizketa gehiago ekarriko baititu ezinbestean”.
EH Bilduko legebiltzarkideek gogorarazi dute EAJ, PSE eta PP zerga-politika aldatzeko prest egon balira, orain Jaurlaritzak baliabide ekonomiko gehiago izango zituela eta, hortaz, joko-zelaia hobea izango zela. Hala ere, “kohesio soziala bermatzen duten eremuetan murrizketak bertan behera uztea” oraindik posiblea dela nabarmendu dute, eta helburu horretan tematuko dira Gobernuarekiko negoziazioan, “EH Bilduk murrizketarik gabeko aurrekontuan hitzartu nahi dituelako”. Horren ildotik, “lehentasunak zehaztu ditzala eta lehentasun horiek herritarrek egunero dituzten beharrekin bat egin dezatela eskatuko diogu lehendakariari. Guk argi dugu hezkuntzan, osasunean eta babes sozialean jendarteak ezin duela murrizketa gehiagorik jasan”.
“Jaurlaritzarekiko negoziazioa, hala ere, ez da erraza izango”, eta hala adierazi dute EH Bilduren ordezkariek, aurrekontu-proiektuaren zenbaki orokorrek murrizketei eusteko asmoa agerian uzten dutelako. Izan ere, aurrekontu horrek ez du irakaskuntzan eta Osakidetzan galdutako lanpostuak berreskuratzea ahalbidetuko, familia-lana eta enplegua uztartzeko laguntzak, aurten bezala, 2015ean ere ez dira ordainduko eta diru-sarrerak bermatzeko errentan 2012an egindako %7ko murrizketak indarrean jarraituko du.
Hori horrela, EH Bilduko legebiltzarkideek PSEren jokaera kritikatu dute, aurrekontuak negoziatu eta babesteko Lakuako Gobernuari eskatu dizkion 150 milioiak nahikoa ez direlako aipatutako murrizketak bertan behera uzteko. “EAJ eta PSEren arteko balizko akordio horrek ez du murrizketen amaiera ekarriko, baina ziurrenik hori ez da une honetan PSE kezkatzen duena; PSEk ez ditu aurrekontuak hartzen murrizketa sozialekin amaitzeko tresna gisa, bere siglak irrelebantzia politikotik ateratzeko erakusleiho gisa baizik”.