Gipuzkoako Foru Aldundiak Berdintasunerako Foru Organo bat sortuko du lurralde administrazioaren inongo kontratu, diru laguntza, politika publiko edo enplegu eskaintzatan emakumerik diskrimina ez dadin. Izaera goreneko organo honen sorrera Berdintasunerako Foru Arau berrian aurreikusi da: berdintasun handiagoa izango duen gizarte eredu berri baterantz aurrera egiteko Aldundiak proposatutako tresna juridikoa da.
Berdintasuneko zuzendari nagusi Laura Gómezek eta Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kide Ander Rodríguezek aurkeztu dute gaur Gipuzkoako Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Foru Arauaren aurreproiektua, Gipuzkoan eta Euskal Autonomia Erkidegoan aurkezten den lehena. Arau honen hasierako zirriborroa urriaren 15ean jarri zen erakusgai eta 20 lanegunetan herritarren ekarpen eta proposamenak jasoko dira. Ondoren, Batzar Nagusietako tramitazioa hasiko da.
Diputatuak azaldu duenez, Foru Arau hau tresna bat gehiago da, kasu honetan juridikoa, eredu berri sozialago baterantz egiteko: “Eraiki diguten eredu sozial eta ekonomikoan, pertsonen bizitzaren zainketa feminizatua dago, ikusezin bihurtua, ez baloratua. Merkaturatzen denean prekarietate handia duten baldintzatan egiten da. Bizitzaren zainketa gizarteak modu duinean eutsiko duen gizarte eredu berri bat nahi dugu, eta ez emakumeen esku bakarrik egotea”.
Arau honen bidez, Foru Aldundi honen erabaki guztiak kontrolatu eta gainbegiratzeko mekanismoak ezartzen dira eta Berdintasun Unitateak sortuko dira foru departamentu bakoitzean, gizon eta emakumeen arteko diskriminazio egoerak iraunaraziko dituen edo sustatuko dituen erabakiak hartu ez daitezen. Departamentu guztiengan izango du eragina: Ogasun, Gizarte Politika, Mugikortasun edo Memoria historikoan, esaterako. Eta, gainera, politika publiko guztiak gainbegiratuko dira: aurrekontu orokorrak, enpresa edo gizarte entitateei diru laguntzak ematea, enplegu publikoaren eskaintza deialdiak, eta abar. Diputatuaren esanetan, “berdintasunaren erroak Aldundiko departamentu eta arlo guztietara zabaltzea da kontua, baina, gainera, ez diskriminatzeko eskakizun horiek Administrazio publikoarekin kontratatu nahi duen edozein enpresa edo entitatera zabaltzea da kontua. Horrela, sektore publiko eta pribatuan eragina dugu”.
Eta Foru Aldundiak neurri guzti hauek aplikatzen dituela bermatzeko, Foru Arau honek ezartzen du Gipuzkoako mugimendu eta elkarte feministetako kideek %50ean osatutako jarraipen eta ebaluazio komisio bat sortuko dela eta txosten bat egin beharko dutela bost urtean behin.
Berdintasun zuzendariak Arau honetan zehazten diren zenbait neurri aipatu ditu, Foru Aldundiaren konpetentzia diren alorren inguruan:
- Komunikazioan hizkuntza eta irudi ez sexistaren erabilera arautzen da.
- Gizarte Politikan pertsona guztiak baldintza duin eta unibertsaletan zaintzen direla bermatzeko neurriak ezartzen dira.
- Politika fiskal progresiboan eta gizarte ekonomian genero irizpideak txertatzen dira.
- Edozein diskriminazio mota suposatzen duten aisi eta ospakizun eredu baztertzaileei babes instituzionala kentzeko obligazioa nabarmentzen da, tradizioan babestuta egin ala ez.
- Memoria historikoari dagokionez, Diputazioak emakumeen onarpena eta emakume ikusaraztea bultzatu beharko ditu, bereziki espainiar guda zibileko urteetan eta ondorengo frankismoaren diktaduran.
- Kiroletan, emakume eta gizonen arteko berdintasun jarduera bermatu beharko da, onarpena, estereotipo haustura eman dadin eta abar.
- Gainera, indarkeria matxista kontzeptua zabaltzen da, ulertzen da ez bakarrik emakumeengan eragina duena bakarrik, baizik eta baita sexu-genero-heterosexualitate sistemaren arauak hausten dituzten pertsonengan eragina duena ere bai, esaterako, trasnfobia, homofobia edo lesbofobia.