Kontratazio eta erosketa publiko arduratsua bultzatzeko foru araua aurkeztu du gaur EH Bilduk Arabako Biltzar Nagusietan. Gipuzkoan aho betez onartu den foru arauan oinarriturik, arau horren arabera, Arabako Foru Aldundiak eta bere menpe dauden entitate guztiek egiten dituzten kontratazio publikoetan izaera sozialeko klausulak kontuan hartuko dituzte, hala nola, genero berdintasuna, kolektibo berezien lan merkaturatzea, ingurumenarekiko errespetua, kalitatezko enplegua eta hizkuntz eskubideen bermea bultzatzea.
Foru Arau honen helburuak hauek izango dira:
1. Lan merkatura sartzeko zailtasun bereziak dituzten kolektiboak laguntzea
2. Lan merkatuan gizonezkoen eta emakumezkoen artean dauden desberdintasunak ezabatzea. Berdintasuna eta familia eta lana bateratzeko neurriak bermatzen dituztela egiaztatzen duten enpresen eskaintzak lehentasuna izango dute, beraz, kontratazio publikoetan.
3. Kalitatezko enplegua sustatzea, hau da, enpresa horien langileei oinarrizko lan eskubideak errespetatuko zaizkiela eta lan baldintza duinetan eta segurtasunaz lan egingo dutela bermatzea.
4. Ingurumenarekin lotutako irizpideak. Eraginkortasun energetikoa, ahalik eta hondakin gutxien sortzea, produktu ekologikoak erabiltzea… Horri esker, ingurumena babestu eta inguruari kalte egiten ez dioten sistemak sustatzea da helburua.
5. Hizkuntzarekin lotutako irizpideak ere aintzat hartuko ditu, legeak ezartzen duen moduan, herritarren hizkuntz eskubideak modu eraginkorrean bermatzeko helburuarekin.
“Instituzioetatik berme batzuk ezarri nahi ditugu eta horrez gain, gizarte justuago bat eratzeko beharrezkoak diren irizpideak saritu nahi ditugu erosketa eta kontratazio publikoaren bidez”, laburbildu dute Luis Salgado Alternatibako kideak eta Gorka Ortiz de Guineak, EH Bilduko ordezkariak biak Arabako Biltzar Nagusietan.