TTIP itunaren eta Juncker auziaren inguruan Josu Juaristi EH Bilduren europarlamentariak eta Oskar Matute Gasteizko legebiltzarkide eta Alternatibako bozeramaileak prentsaurrekoa eskaini dute gaur goizean Bilbon.
>>TTIP
TTIP akronimoa Transatlantic Trade and Investment Partnership izen ingelesetik dator eta euskaraz Europa eta Amerikako Estatu Batuen arteko Merkataritza eta Inbertsiorako Hitzarmena da.
Garrantzitsua da hasieratik, denek onartzen duten gauza bat azpimarratzea: Hitzarmen honen helburua ez da merkataritzaren alorrean izan diren bestelako hitzarmenen parekoa. Hau da, ez da merkantzien inportazio edo esportaziorako akordioa.
Akordio honen helburua, “Merkatuak bateratzeko” gaur egun bi aldeetan egon daitezkeen “egoera” eta “arautze” ezberdinekin amaitzea baizik. Helburua, estatu baten legedia eta honen Gobernuen erabakiek ez ditzatela inolaz ere multinazionalak eta hauen interesak kaltetu. Ingurugiroa, Osasungintza publikoa edo langileen eskubideak babesten dituzten legediak desagerraraziz. Modu berean herrien subiranotasunarekin bukatzea eta berauen instituzioek herritarrentzako zerbitzu publikoak eta eskubideak bermatzeko duten gaitasun legegilea ere desagerraraziko lituzke.
Hori guztia gainera sekretupean adosten ari direlarik. Sekretismo horren aurrean EH Bilduk kanpaina abiatu du, hainbat hitzaldi antolatuz eta gida bat argitaratuz.
>> Abenduaren 9a
Gai hauetaz aritzeko abenduaren 9an Bruselan “Hiritarron merkataritza agenda baten alde” izenburuko konferentzia burutuko da, konferentzian Oskar Matutek EH Bilduren izenean hartuko du parte hizlari gisa. Euskal Herriko mugimendu sozial eta sindikalak konferentzian parte hartzeko gonbitea jaso dute.
Akordio honen aurka eta jendarte eredu justuago baten alde lanean daudenen elkargune izatea da konferentzia honen helburua, Multinazional handiek gobernuek baino botere handiagoa izango ez duten jendarte baten alde daudenen elkargunea.
>>Juncker eta eredua
Akordio hau, egungo eredu ekonomikoaren adierazlerik argienetarikoa da, hiritarren kontra eta enpresa handien alde legeak aldatzea. Europar Batzordeko lehendakariak eman digu adibiderik argiena.
Bere hitzetan, Batzordeko lehendakariak ez zuen jakin Luxenburgoko Finantza ministroa zelarik, estatuak 300dik gora multinazionalekin EBko beste estatuetan zergak ez ordaintzeko mekanismoa adostu zuela. Esan dugu, eta berriro diogu, gaizkilerik handienak ez daude Lanbideko ilaran, gorbata daramate eta gure subiranotasunaren desagerpena adosten ari dira.
>> Euskal Herrian zer?
EH Bilduren ustez TTIParen kontrako borroka beste borroka batzuekin lotu beharra daukagu, Frackingaren kontrako borrokarekin, langileriaren eskubideen eta beste jendarte eredu baten aldeko borrokarekin. TTIPek murrizketen eredua, askoren miseria, gutxi batzuen aberastasuna ziurtatzeko erabiltzen duen eredua ordezkatzen du.
EH Bilduk akordio honen eta ordezkatzen duen ereduaren kontra borrokatzeko prest dauden guztiekin jarduteko prestutasun osoa dauka.