Ana Etxarte Alternatibako kide eta Bilboko EHBilduren zinegotziak adierazi du “nahiko kezkagarria” dela herritarrak epaitegietara jo beharra beraien oinarrizko eskubideak errespetatu daitezen.
Atzo ezagutu genuen Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak baliogabetu zuela kultu zentroen irekiera oztopatzeko ezarritako mugak zehazten zituen HAPOaren aldaketa, forma arrazoiak zirela eta, hau da, prozedura ez jarraitzearen ondorioz. Ebazpenaren ondoren EH Bilduk gobernu batzordeari eskatu dio jarrera aldatzeko eta ez dezala Bilbo bihurtu askatasun erlijiosoa urratzen duen Euskal Herriko lehen udalerria.
Ana Etxarte zinegotziak, gai honen jatorria eskubide bati muga jartzea, hau da, askatasun erlijiosoa mugatzeko saiakera izan zela gogoratzeaz gain, azpimarratu du “nahiko kezkagarria” dela herritarrak epaitegietara jo beharra beraien oinarrizko eskubideak errespetatu daitezen “eta, hori dela eta, udalari eskatzen diogu bere jarrera berehala alda dezala”.
EH Bilduko zinegotziak azpimarratu du EHANren ebazpenak agerian uzten duela EAJren parte hartze eredua. Etxartek gogoratu du Deustuko kanalaren aferan ere parte hartze eskubidea ez bermatzearen ondorioz antzeko epai bat egon zela. “Orduan, orain bezala, epaia forma kontuetan sartzen zen soilik eta ez zuen fondoan gaineko iritzirik eman, baina bizilagunen presioari esker udalak azkenean gaiaren muinari eutsi eta hasierako proposamena aldatzea erabaki zuen bizilagunekin hitz egin eta gero. Orain gauza bera egitea eskatzen diogu udalari.
Etxartek gogoratu du HAPOaren aldaketa hau bultzatzeko Hirigintza sailaren argudioak ez zirela gertakari objektiboak izan, “baizik eta arrazoi ideologikoetan oinarritzen zen erlijio katolikokoak ez beste baztertzeko. Hirigintza araudia aitzakia bezala erabilita, Udalak herritargoaren zati baten eskubideak mugatu nahi ditu”.
Etxartek gezurtatu du atzo Eduardo Maiz Hirigintza zinegotziak egindako adierazpenak non esaten zuen EHANren ebazpenak arrazoia ematen diola Udalari. “Ebazpena ez da gaiaren mamian sartzen, ez ditu salatzailearen argudioak aztertzen, eta forma akats honek prozesu guztia bertan behera uzten du”, adierazi du zinegotziak.
EH Bilduk azpimarratu du ebazpen honek agerian uzten duela Udalak bizkarra ematen diola herritargoari eta egin eta desegiten duela legeak ezartzen dituen parte hartze prozedurak errespetatu gabe.
Hori dela eta, Etxarte zinegotziak Udal gobernu batzordeari eskatu dio jarrera aldatzeko, behingoagatik herritarron mesedetara gobernatzeko eta ez dezala Bilbo bihurtu askatasun erlijiosoa urratzen duen Euskal Herriko lehen udalerria.