Alternatibako bozeramaile Asier Vegak, alderdi ezkertiarraren azken Batzar Nagusiaren harira ANTOLATU lelopeko aktibazio sozialerako kanpaina berria aurkeztu zuen.
Alternatibak kurtso politikoarekin martxan jarri dugun aktibazio sozialerako kanpaina berria aurkezten dugu gaurkoan. Duela urtebete AKTIBATU leloa erabili genuen. Injustizia sozialaren eta murrizketen kontra altxatzera eta baita ere, krisi deitzen diogun egoera hau eragin dutenen pribilegioen aurrean harresi bat eraikitzera deitzen zuena. Euskal Herriko gizon eta emakume bakoitzari politikoki eta sozialki aktibatzeko deia; ez etsitzeko; beti ere, egungo egoerari buelta emango dion kontzientzia kritikoa garatzeko ahalegin batean.
Hala eta guztiz ere, gure kanpainak dioen bezala, aktibatzea ez da nahikoa; norbanakoaren borroka besteen borrokarekin bat eginda eraginkorragoa delako. Horregatik, aurten erabili dugun leloak horrela esaten du: ANTOLATU. Zapaltzen gaituzten menpekotasun sistema desberdinei aurre eginez; gure aldarrikapenak besteen oihuei lehenetsi gabe, aurpegi desberdinen atzean ezkutatzen den arerio berari aurre egiten diogulako.
Kanpaina honek pertsona desberdinak aurkezten dizkigu, denak bakoitzaren borrokan aktiboak, baina militantzia bateratua egin arte, sistemari aurre egiteko nahia asetzeko ezinean ibili diren horietakoak. Kartelak zera dio: “suspertutako kontzientzia berri bakoitza sistemari aurre egiten dion erronka berria da, eta besteekin bat egitean, bere gaitasuna biderkatzen du”.
Kanpainaren euskarriek, dagoeneko hiri eta herrietako kaleetan ikus daitezkeenak, kartel eta diptiko forma hartzen dute. Baina kanpaina honek urrats berria ere badakar, hurrengo egunetan Antolatu abestiaren eta bideokliparen aireratzea ere egingo dugu.