Azaroaren 25aren harira, Alternatibako kide eta EHBilduren parlamentari Diana Urrea indarkeria matxista gure gizartetik desagerrarazteko neurriak exijitzeko osoko bilkuran egindako agerraldian.
Urteetako borroka feministari esker, emakumeok emakumeontzako oinarrizko eskubideak eskuratuz joan gara. Alabaina, Euskal Herriko eta mundu zabaleko emakumeok bigarren mailako herritarrak izaten jarraitzen dugu ez baitugu eskubide guztiak berdintasunez gauzatzeko aukerarik. Gaur egun, ez daukagu askatasun nahikorik gure gorputzarekin, gure sexualitatearekin eta ugalketarekin egin nahi duguna erabakitzeko askatasunik. Eremu publikoaz gozatzeko eskubidea ere urratzen zaigu bertan erasotuak izateko arriskuarekin bizi baikara. Emakume izate hutsagatik indarkeriarik gabeko bizitzak bizitzea utopia bat da orain.
Egun sufritzen dugun krisia ez da gaurkoa emakumeentzat, ezta atzokoa ere. Sistema kapitalistak inposatu digun betiko egoera da: Indartu eta elikatu egiten da gizonezkoei eskubide gehiago eta pribilegio gehiago ematen dizkion sistema patriarkalari esker. Sistemak boterea, baliabideak, guneak ezberdin banatzen ditu gizonezkoen eta emakumezkoen harreman hierarkiakoaren arabera.
Horregatik, iritzi diogu aldarrikapenen artikulazioa behar beharrezkoa dela egungo eredu gainditzeko. Horrela, aldarrikapen feministak beste aldarrikapen guztiak estrukturatzeko tresna izan behar duela uste dugu.
Krisialdi sozioekonomikoan murgilduta gaudenez, egun batean bai eta hurrengoan ere bai ikusten ari gara herritarren gehiengoa pobretzen eta baldintza txarretan bizitzen ari dela, eta bereziki emakumeak. Areago, neoliberalismoan sakontzeak zaildu egiten du emakumeek indarkeriari gabeko bizitzak egin ahal izatea, eta hala, autonomia erkidegokorik gabe gero eta gehiago dira indarkeria egoerak eten ezin dituztenak: Bikotekideen, nagusien, lankideen edo bezeroen indarkeria jasan behar dutenak.
Indarkeria matxista salbuespeneko gertakizun bat ez den neurrian eta gure egunerokotasunean bizi dugun neurrian lehen mailako arazoa da guretzat, ez da erresiduala. Beste kontu bat da harekin hasi garen neurrian askotan ez garela gai indarkeria matxista antzemateko. Naturaltzat eta normaltzat hartzen ditugun jokamolde, harreman eta egitura horien atzean dagoen indarkeria identifikatzeko. Oraindik neurri handi batean ezkutuan mantentzen den indarkeria da indarkeria matxista, baina ez da inola ere esparru pribatuei dagozkion arazoa. Desberdintasunaz eta sexu dela eta egiten den bazterkeriaz gain, beste faktore batzuk ere badaude: klasea, adina, dibertsitate funtzionala, arraza eta abar, era askotako diskriminazioak sortzen dituztenak. Helburua ez da soilik genero itsukeria ezabatzea, era berean identifikatu behar ditugu gainerako zapalkuntza faktoreak nola bururatzen diren. Laburbilduta, helburua gizarte errealitatearen gaineko begirada konplexu bihurtu eta politika publikoetan eskuhartzeko politikak diseinatu eta jartzen da.
EH Bilduk nabarmendu nahi du ezin dugula egoera honen aurrean geldirik egon. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da eta gure ardura politikoari erantzunez, gaurko plenoan ekimen bat aurkezten dugu indarkeria matxista lehen mailako arazo politiko gisa kokatzen duena. Legebiltzarrean ponentzia bat hedatzea proposatzen dugu hil edo biziko garrantzia duen gai honi zentralitate politikoa emateko, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bizi ahal izateko. Ponentzia honetan indarkeria matxistaren dimentsioa aztertu nahi dugu. Indarkeria matxistaren jatorria, ondorioak eta bilakaera. Egoeraren diagnostikoaz jabetu azken finean bere osotasunean. Era berean, aztertu nahi ditugu indarkeria matxistari erantzuteko egiten den lana, erakunde publikoen zereginean arreta berezia jarriz. Zer prebentzio lan egiten den? Zer politika egiten diren emakumeak boteretzeko? Zer egiten den biktimei laguntzeko? Politika publikoak aztertu eta baloratuko ditugu eta hobetzeko egin beharreko eta guzti hauek ez genuke legebiltzarreko lau pareten artean soilik egin nahi. Proposatzen dugu ponentzia horretan mugimendu feministak ere parte hartzea adituak, arituak, Emakundek eta inplikatuta dauden erakunde publikoak.
Datuak izugarriak dira. Euskal Herrian egunean 11 salaketa egiten dira, jakinda gutxienekoa dela zalantzen duena. Europa mailako ikerketa batek azaleratu zuen. Hiru emakumeetatik batek indarkeria motaren bat sufritu dugula, horrek esan nahi du 62 milioi emakumek. Europako emakumeen erdiak baino gehiago sexu jazarpena sufritu zuela. 100 milioi emaukume, herenak lantokian. Gure betebeharra da halako errealitate bortitzari tamainako erantzuna ematea. Diskurtso eta adierazpenik harago, ekintza zehatzak jarri behar dira martxan indarkeriarik gabeko bizitzak izateko beharrezko tresnak emango dizkigutenak.
Mundu berria nahi dugu. Ezin da gerorako utzi. Matxismorik gabeko mundua, gutxiesten, mesprezatzen eta bortxatzen gaituen patriarkatutik libre dagoen mundua bizitzea. Merezi duten bizitzak bizi nahi ditugu. Bizitza da ugaldu nahi duguna eta ez kapitala, gure bide propioa erabaki nahi dugu eta ez inposatzen digutena, eta horretarako ezin gara geldirik geratu.