Operazio polizial gisa mozorrotutako gaurko operazio politikoaren harira, Euskal Herriko udalerri desberdinetan 16 atxiloketa ekarri dituena, Alternatibaren Koordinakunde Nazionaleko kide Ayem Oskozek salatu nahi izan du “herri honen normalizazio politikoaren eta herritarren eskubideen aurkako enegarren erasoa”. Esan duenez, operazioak “berriz ere egin du zuzenbide estatu batean ukiezina izan beharko litzatekeen defentsarako eskubidearen kontra, hain zuzen ere, justiziaren gainetik eta mendekurako zein eskubideak urratzeko ad hoc sortutako legeei aurre egin behar dieten abokatuak direlako atxilotutakoak”.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogorarazi du “muntaiak” Madrilen gaur hastekoa zen eta bertan behera gelditu den makro epaiketaren hasierarekin bat egin duela, “ezker abertzaleko 35 lagunen ekintza erabat politikoa zigortu nahi duena”, hauen abokatuetako batzuk ere atxilotutakoen artean daudenean. Horren ildotik, salatu egin du fiskaltzak auzia ireki nahi izana auzipetuek konfiantzako babes legalik gabe egon arren.
Alternatibatik fartsa politiko-polizial guztiekin bukatzea exijitu dute, “Espainiako Erresumaren usteltze demokratikoaren inguruan ke lainoak” altxatu ez ezik, “bakea oztopatzea eta pertsona ororen eskubide guztiak bermatuko dituen Euskal Herri burujabea eraikitzeko bideari trabak ipintzea” bilatzen dutelako bakarrik. Horregatik, Oskozek gizarte osoari zein eragile sozial, sindikal eta politikoei dei egin die, bakearen eta eskubideen alde gaur eta hurrengo egunetan egingo diren mobilizazio guztiekin bat egin dezatela, “gaurko atxilotuen askatasuna eta frankismoaren oinordeko diren auzitegietako makro-epaiketa ororen amaiera” aldarrikatzeko.