Alternatibako kide eta EHBilduren parlamentari Diana Urreak, Espainiako Barne Ministroari Hassanna Aalia Saharako aktibistari babes eskubidea emateko proposatu du Estatutik alde egiteko Madrilek 15 egun eman dizkionean. Legebiltzarrak haintzat hartu du proposamena.
Mendebaldeko Saharan jaio eta 2011n Euskal Herrira iritsi zen Hassana Aalia gaztea, Marokotik ihes eginez. Orain espainiar Gobernuak 15 egun eman dizkio Estatutik alde egiteko, babes eskubidea ukatu baitio, nahiz eta baldintza legal guztiak betetzen dituen eta bere sorterrira itzultzekotan bere bizitza arriskuan egongo den. Bere egoera larriaz asaldaturik, Bakea eta Askatasuna Mendebaldeko Saharan Taldeartekoa presaz bildu da gaur Legebiltzarrean, EH Bilduk hala eskatu ostean, eta koalizioaren proposamena aintzat hartuz, Espainiako Barne Ministerioari eskatu dio Hassanna Aaliari dagokion babes politiko eskubidea onartu dezala, “Marokora itzuliko balitz, bizi osoko espetxe zigorra bete beharko lukeelako, saharar herriaren eskubideen alde modu baketsuan aritzeagatik”, Diana Urreak ohartarazi duenez. Gasteizko Taldeartekoak bilera ere eskatuko dio Fernandez Diaz Barne ministroari, Aaliaren eskubideen alde egiteko.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, Hasssanna Aaliak Marokoko Armadak bortizki desegin zuen Gdeim Izik erresistentzia kanpaldi baketsuan parte hartu zuen 2010ean, eta 2013an bizi osoko zigorra ezarri zion horregatik epaitegi militar batek. Nazioarteko erakundeek bidegabekeria hori salatu dute, epaiketak bidezkotzat hartu ahal izateko bete beharreko gutxieneko baldintzak bete ez zituelako, akusazio faltsuak eta torturak tartean. Espainiar Gobernuak berak onartu du Aaliak modu baketsuan egin duela saharar herriaren eskubide demokratikoen alde eta, beraz, babes eskubidea emateko baldintzak betetzen dituela. Hala eta guztiz ere, babes eskubidea ukatu zion hilaren 19an eta 15 egun eman zizkion Estatutik alde egiteko, erabaki horrek bere bizitza arrisku larrian jartzen duela jakin arren. Diana Urrearen iritziz, “horrelakoetan ohikoa denez, Hasssanna Aaliaren kasuan ere espainiar Gobernuaren jokaera nazkagarria da, babes eskubidea ukatzen diolako Marokok haren giza eskubideak urratuko dituela dakien arren”.