Syrizak Grezian izandako garaipena ospatzen dugu Alternatibatik, hauteskundeetako garaipen arrunt batetik haratago doalako. Greziako herriaren garaipena da hau, Europako Banku Zentralaren, Europako Batzordearen eta Nazioarteko Diru Funtsaren aurrean, herritarrei bizkarra emanda botere finantzariek sortutako erakunde ilunen aurrean. Troikaren boterearen kontra altxatzen den ezkerraren lorpena da, eliteen menpe dauden alderdiak gainditu dituena.
Atzoko emaitzek ezkerreko fronte zabal bat jarriko dute gobernuan, demokraziaren eta herriaren burujabetzaren alde, Greziaren alde, egiten duen blokearena. Herritarren duintasuna eta bestelako eredu sozioekonomiko baterako bidea egin nahi duen apustua da, benetan bidezkoa eta jasangarria izango dena.
Syrizak Troikaren presioen gainetik irabazi du, Berlin eta Bruselatik jaurti duten propaganda beldurgarriaren gainetik. Oker uste zuten austerizidioaren bidez dagoeneko pobreziara kondenatu duten herria are gehiago pobretzera kondenatzearekin mehatxatu zezaketenik. Merkatuek ez dute kontuan izan ezer galtzerik ez duenak inolako beldurrik ez duela.
Garaipena lortu duten arren, Greziako herriaren bidea leuna izango ez dela badakigu; kontraesanez eta oztopoz josita egongo da. Baina hala eta guztiz ere, barneko amorruari beldurrari eta etsipenari aurre egingo dion ilusioaren eta itxaropenaren bidea ere izanen da. Euskal Herriko emakume zein gizon ezkertiarrok barneratu beharreko ikasbidea da hau, ezkerretik burujabetza osoaren eta aldaketa politiko eta sozialaren alde apustu egin nahi dugunontzat ikasbidea.
Alternatibaren Koordinakunde Nazionala