Bizkaiko Foru Aldundiak herrialdeko hondakin kudeaketari dagozkion 2014ko zenbait datu egin ditu publiko gaur prentsa agerraldian. Iosu Madariaga Ingurumen diputatuak eman dituen datuen arabera, Bizkaian 609.000 tona hondakin sortu ziren iaz eta horietatik 267.000 tona birziklatu ziren.
Hau da, %44. Aldundiaren datuak, ordea, interesatuak dira. Izan ere, birziklatutako hondakin gisa zenbatzen ditu Zabalgarbik sortutako zepak eta metalak (46.572 tona), nahiz eta hondakin horiek zabortegian amaitzen duten. Hala, zepak hondakin birziklatu gisa kontatu gabe, Bizkaiak hondakinen %35,5 besterik ez du birziklatzen. Gainera, 2014an sortu ziren hiri hondakinen %38,7 Zabalgarbin erraustera bideratu ziren.
Asier Vega Alternatibako kide eta EH Bilduko batzarkidearen ustez, “Bizkaiko Aldundiak datu interesatuak eskaini ditu Bizkaian dugun hondakin sistema ahula ezkutatu nahian”. Vegaren ustez, 2014ko datuek agerian uzten dute Bizkaiko hondakin eredua erabat jasangaitza dela, Zabalgarbiren menpekoa baita guztiz. “Bizkaiak birziklatze tasa handitzeko duen oztoporik handiena Zabalgarbi da. Birziklatze tasak handitzeko ezinbestekoa da gaikako hondakin bilketa indartzea baina Bizkaian hori lortuko bagenu, Zalbargabik porrot egingo luke. Ekonomikoki jasangaitza izango litzateke. Zabalgarbik sailkatu gabeko zaborra behar du bizirauteko”.
EH Bilduk hainbatetan azpimarratu du hondakinen kudeaketan aurrerapausoak emateko hondakin organikoen bilketa berezituan dagoela gakoa. “Bizkaian hondakinen %40 biltzen da gaika sailkatu gabe. Kopuru horretatik zatirik handiena hondakin organikoari dagokio. Hala ere, Aldundiak 2016rako hondakin organikoen %4 soilik konpostatzea ezarri du helburu gisa eta datuetan oso urrun dago oraindik” azaldu du Vegak. “Gainera, Bizkaiko hirigune handienetan ez da hondakin organikoa bereizita biltzeko sistemarik eraginkorrik ezarri”.
Organikoa sailkatuta jasotzeko Foru Aldundiaren ekimen falta Zabalgarbiren menpekotasun egoerarekin lotzen du EH Bilduk. “Bizkaiko Aldundiak bere oztoporik handiena den azpiegitura sortu du. Zabalgarbiren gatibu da eta badaki birziklatze tasak handituz gero, errauskailua itxi egin beharko duela. Bizkaian beste eredu batera jauzi egiteko beharra begi bistakoa da. Errauskailuaren eredua baztertu eta egiazko birziklatzea bultzatzeko garaia da. Horretarako, ezinbestekoa da gaikako bilketa bultzatu eta organikoaren birziklatzea areagotzeko neurriak hartzea, batez ere, biztanleria gehien biltzen den hiriguneetan”.
Joan den urtean, Zabalgarbik jaso zuen hondakin kopuruaren hiru launrden (%77,6), gaika sailkatu gabe bildutako hondakinak izan ziren.