Gernikako arbolak sinbolizatzen dituen bizkaitar zein euskal herritarron askatasun eta eskubideak ez dira behar bezala islatu arbolaren landaketa ekitaldian EH Bilduren iritziz. Bizkaiko Batzar Nagusiek izaera instituzional hutsa eman diote ekitaldiari eta beste behin ere, herritarrak ez dira kontuan hartu.
EH Bilduk bere aldetik, Gernikako bonbardaketako sarraskia gogoan, Euskal Herriaren aurkako eraso faxista krudelari aurre eginez, Euskal Herriaren askatasun eta eskubideen alde bizitza eman zutenen memoria aldarrikatu nahi izan du arbola berriaren landaketan. Hori dela eta, frankismoaren biktima izandako herritarrak gonbidatu ditu arbolaren ekitaldira. Haien artean izan dira Argiñe Arregi, Candido Arregi Jagi-Jagi taldeko fundatzaileetako izan zenaren alaba eta Julen Kaltzada, Doroteo Calzadaren semea, EAJko zinegotzia zena Busturin eta 1937an fusilatua izan zena. Calzadaren kasua ikertzen aritu da Maria Servini de Cubria epailea, frankismoaren krimenen kontra Argentinan abian den kereilaren baitan.
Hain justu, frankismoaren krimenen kontrako kereilari babesa adierazi diote gaur Bizkaiko Batzar Nagusiek, EAJ, PSE eta EH Bilduren aldeko bozekin. PPk kontra bozkatu du. Koalizioak eztabaidarako aurkeztu duen ekimenak, gobernu espainiarrari dei egiten dio halaber, Servini de Cubria epaileak aurkeztu dituen estradizio eskaerak onartzera, gizateriaren kontrako erantzuleak epaituak izan daitezen eta Bizkaian oraindik mantentzen diren sinbolo frankistak erretiratzeko eskatzen du.
Asier Vega EH Bilduko batzarkideak adierazi duenez, “ez dago egun eta toki hoberik frankismoak gizateriaren aurka egindako krimenak epaitzea eskatzeko”. Vegak gogorarazi du Gasteizen Espainiako poliziak bost langile tiroz hil zituela 39 urte beteko direla bihar. Horrez gain, Gernikako arbola berria landatuko den egunean, frankismoko arduradunen zigorgabetasunaren amaiera eskatzearen egokitasuna azpimarratu du.
Vegak nabarmendu du trantsizio garaian adostu zen Amnistia Legea dela frankismoaren erregimenak gizateriaren kontra burutu zituen krimenak epaitzeko oztoporik nagusiena. “Nazio Batuen Erakundeak berak dio lege hori indargabetu beharra dagoela. Argentinan eta Txilen legea aldatu zuten diktadura garaiko krimenak epaitu egin ahal izateko. Egin dezala gauza bera estatu espainiarrak ere”.
Era berean, Vegak gogorarazi duenez, NBEk frankismo garaian desagerrarazi ziren hamarnaka milaka pertsonen kasuak ezin direla preskribaezinak direla azpimarratzen du, pertsonen desagerraraztea delitu jarraitua baita, haren agerpenera arte irauten duena, eta beraz, jazarri beharrekoa.
ehbildu.eus webgunean irakurri.