Alternatibako bozeramaile eta EHBilduko kide Oskar Matutek agerraldia egin du biharko Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta bultzatzen duten erakundeek deitutako manifestazioetara deitzeko. Matutek justizia sozialean oinarriturako Euskal Herria eraiki nahi badugu, gure politika ekonomiko eta sozial propioak erabakitzeko garaia dela azpimarratu du.
Larunbat honetan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta bultzatzen duten erakundeek manifestazio bat deitu dute Bilboko eta Iruñako kaleetan. Gutun honek gizarte justuago bat eraiki nahi du, eredu sozial eta ekonomiko propioan oinarrituta dagoena eta Euskal herritarron artean erabaki eta osatuko duguna.
Euskal Herria Bildutik, idatzi honen edukiak eta helburuak partekatzen ditugu eta horregatik, mobilizazioetan zein ekimenaren sozializazioan parte hartzera deitzen dugu. Baina gure atxikimenduaz harago bagoaz; EHBildu osatzen dugunontzat aldaketa politiko eta sozialerako apustua indartzeko arrazoia ere badelako.
Ekonomia, kudeaketa publikoa eta fiskalitatea ulertzeko eredu honek, milaka familia ezinegonezko egoera batera eraman ditu. Aberats eta pobreen arteko aldea geroz eta gehiago handitzen duen eredu honek, gainera, baliabiderik gabeko familiak laguntza sozialez baliatzea leporatzen zaie. Gaizkileak balira bezala.
Nahikoa da! Benetako iruzurra eta susmoa txartela beltzetan eta diru publikoaren xahuketan dago. Hiriko, Kutxabank, Bidegi, Karrantzako mindak edota “De Miguel” kasuak dira susmopean egon beharko liratekeenak. Zerrenda luzeegia da.
Onartezina da horrelako kasuen salaketaren aurrean eta ardurak eskatzen direnean elektoralismoaz hitz egitea. Isiltasun hori onartezina da. Ulertezina da ere, Iruarrizaga kasuaren inguruan jaso dugun informazioaren inguruko azalpenik ez ematea.
Atzo, Rementeriak politikari garbia zela baieztatzen zuen. Rementeria jauna, benetan jokaera garbia eta gardena dela uste baduzue, azalpenak azkar eman. EHBildun iruzurraren eta klientelismoaren aurrean argi dugulako; Tolerantzia zero izango dugu.
Baliabide publikoak xahutzen eta lapurtzen dituzten horiek geldiarazteko garaia da. Ereduari buelta emateko garaia da. Gure erabakitzeko eskubideaz ari garenean, gure politika ekonomiko eta sozial propioak erabakitzeaz ere ari gara, justizia sozialean oinarriturako Euskal Herria eraikitzeko. Horregatik, “Dena erabaki, dena aldatzeko” esaten dugu, Kartak dioen bezala, legitimitatea eta legaltasuna euskal gizartearen borondate librean dagoelako.
Hasieratik, aldaketa politikoa eta soziala EHBilduren helmuga nagusia izan da. Hori da gure lehentasuna. Hau dela eta, kaletik, partehartze politikotik, baina batez ere ekimen publikotik guztion interesak, justizia eta eraginkortasun soziala bermatu eta lehenetsi behar ditugu.