Alternatibaren bozeramaile eta Gasteizko legebiltzarkide Diana Urreak Gasteizen atzo gertatutako emakume baten erailketa salatu du. Eraso sexisten gorakada larriaren aurrean, Urreak “indarkeria matxista desberdintasun estrukturalaren ondorio bortitz eta agerikoena dela” gogoratu du eta honen aurrean, indarkeria matxistaren kontra egitea “atzoko egun beltzetik haratago egunero eta gizartearen eremu guztietan arbuiatu beharreko aldarria dela” azpimarratu du.
Zentzu horretan, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogorarazi du emakumeak erailtzea ez dela gertaera isolatua edota zorizkoa, menpekotasun sistemarik zaharrenaren ondorioa baizik, patriarkatuaren ondorio alegia; non emakumeok askotariko bortizkeria formak pairatzen ditugun, askotan estamentu, komunikabide eta instituzio batzuek isilarazi eta justifikatu ere egiten dituztenak”. Egoera honi aurre egiteko, Urreak instituzioei exijitu die “emakumeen, eta bereziki emakume gazteen jabetzea benetan bultzatuko duten baliabideak martxan jartzea” azken biktimak 29 urte baino ez izatearen larritasuna azpimarratuz.
Bukatzeko, Alternatibatik Emakumeen Mundu Martxak Euskal Herriko herri eta auzo desberdinetan deitutako mobilizazioekin bat egitera deitu dute, “terrorismo matxista eta patriarkalaren enegarren biktimaren” heriotza salatzeko.