Agerraldia egin du EHBilduk Sestaoko Kasko plazan, lanean osasuna laga duten langileak gogoratzen dituena hain zuzen ere, Maiatzaren Lehenko mobilizazioetara deitzeko. Oskar Matute Alternatibako kide eta koalizioko legebiltzarkideak hartu du hitza.
PPk Madrildik inposatu dituen politika neoliberalek, eta EAJk zein UPNk onartu dituzten neurri atzerakoiek, urteetako borrokan lortutako eskubide sozial eta laboralak deuseztatzea eragin dute.
EH Bildutik, ordea, bestelako neurri eta politiken alde egiten dugu. Gutxi batzuen interesak defendatzen dituztenen bidetik, ezer onik ez zaigu etorriko. Gure arazoei adarretatik heltzeko, eta erabakiak guk geuk hartzeko ordua da. Herritarrok izan behar gara herri honek behar duen eredu ekonomiko eta soziala zein izan behar den erabaki behar dutenak. Herritarrok izan behar gara bizi eta lan duinak ezartzeko baldintzak jarri behar ditugunak. Pobrezian bizitzera kondenatzen gaituzten Madrildik, eta Europatik datozen inposizioen aurrean, EH Bildutik bestelako bidea proposatzen dugu: dena erabaki nahi dugu, dena aldatzeko.
Euskal Herriko eraikuntza politikoak gizarte kritikoa behar du, krisia eragin zutenek lapurtu dizkiguten eskubide sozial eta laboralak berreskuratzeko borroka egingo duena kalean, lanean eta instituzioetan. Aldarrikatzen ditugunak ez dira pribilegioak, eskubideak eta duintasuna berreskuratzeaz hitz egiten ari gara. Pobrezia, gosea, prekarietatea eta esplotazioa bultzatzen dituen ereduaren aurrean, bestelako oinarrien gainean eraikitako eredua da proposatzen duguna. Justizia soziala, eskubidedun eta kalitatezko enplegua, eta dauden beharrei erantzungo dieten zerbitzu sozialak dira gure ereduaren oinarriak. Horren alde egingo dugu aurrera gure lan esparru guztietan, parlamentuetan eta mobilizazioetan.
Horren harira, kaleak hartzeko aukera bikaina da Maiatzaren Lehena, langileon eskubideak aldarrikatzeko eguna. Eragile sindikalen eskutik, manifestazioetara joateko deia egiten diegu herritarrei.