Ezkerraldeko egoera aztertu nahian eta eskualde honetan sozioekonomia suspertzeko neurriak hartzeko helburuarekin proposamenak egiteko, Gasteizko Legebiltzarrean gune izango den batzorde txostengilea eratzeko proposamena aurkeztuko dugu bihar Gasteizen. Euskal Herriak badu zorra historikoa Ezkerraldearekiko.
Ezkerraldea eskualdeak ezaugarri bereziak ditu. Euskal industrializazioaren sehaska izan zen eta ondorioz XIX eta XX mendeetan aldaketa azkar eta bortitzak bizi izan zituen. Industriak sortutako aberastasuna beste tokietara joaten zen bitartean, Ezkerraldean pairatzen ziren garapen eredu desorekatu baten ondorio latzak: hondamendi ekologikoa, hirigintza kaotikoa, lan zapalkuntza…
Hala ere, hamarkada luzeetan lana bermatuta zegoen eta toki askotatik etorritako langileek eraiki zuten nortasun handiko eta anitzeko eskualde bat. 70 eta 80etako hamarkadetan, aldiz, industria astunaren krisia gertatu zen eta, horren ondorioz, eskualdeak beste aldaketa azkar eta bortitzari aurre egin behar izan zion. Geroago, aurreko zoru industrialen plusbaliek, hirugarren sektorean kanpo inbertsioek, Europako laguntzek… baliabide ekonomikoak txertatu zituzten zonaldean eta industria kutsakorraren murrizketekin batera, aurpegia garbitu zioten eskualdeari. Terziarizazioak sortutako lan postuek ere, industria garaiaren enpleguen kalitate berbera ez bazuten arren, langabezi tasa murriztu zuten berriro. Baina itxurazko errealitate horren atzean arrisku eta arazo larriak ezkutatzen ziren. Izan ere, Ezkerraldearen adierazle ekonomikoak beti Euskal Herriko azkenen artean kokatzen ziren. Eta agindutako berrindustrializazioa ez zen inoiz gauzatu.
Eredu ekonomiko berriaren oinarriak ahulak ziren: eraikuntza, teknologia maila baxuko enpresa txikiak eta lan baldintza oso eskasak dituzten merkatal gune handiak. Ahulezia estruktural horren ondorioz, krisiak bete betean jo ditu Ezkerraldearen sistema produktiboa eta jendartea. Adierazle ekonomiko nagusiak badira horren lekuko: langabezia, pobrezia, errenta, zaharkitzea, ingurugiroa…
Adibide gisa, hiru datu aipatuko ditugu:
- Ezkerraldeak badu langabezi tasarik altuena ikerketa guztien arabera (zifra aldatzen da iturri eta dataren arabera, baina denek kokatzen dute %20 inguruan)
- Ezkerraldeak badu EAEren BPG per capita baxuena, 25.128 euro, bataz bestekoaren %84 (CES-GEAB 2014)
- Ezkerraldeak badu pobrezia gordinaren tasarik altuena, %3’5 (FOESSA 2014)
Honegatik guztiagatik, uste dugu Ezkerraldearen egoerak behar duela Legebiltzar honen eta Jaurlaritzaren arreta berezia. Ez da beste eskualdeekiko baztertzailea den eskaera. Ezkerralderako landutako konponbideak aplikagarriak izan daitezke antzeko egoeratan dauden beste eskualdetan ere. Baina uste dugu Ezkerraldeak lehentasunezko estatusa eduki behar duela, bi arrazoi erabakigarriengatik:
- Populazio kopurua (hiriburua ez den eskualderik populatuena delako)
- Egoerarik larriena pairatzen duelako funtsezko arloetan, arestian azaldu dugun moduan
Ezkerraldearen berpizte dinamikan barne zein kanpo indar guztiak beharrezkoak dira eta horregatik euskal instituzioen inplikazio aktiboa ezinbestekoa da.