Gipuzkoako Foru Aldundiak indarkeria matxistaren biktimekiko arreta indartuko du, eta tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei zerbitzu berriak eskainiko die Lurraldean: besteak beste, taldeko terapiak, arreta sozio-juridikoa edo esku-hartze psikosoziala. Aurrekontua % 60 igo da. Urtean, 1.680.000 euroko kostua izango du modelo berri honek, eta biktimei osoko tratamendua eskainiko die ahalduntzearen ikuspuntutik, zeinak lagunduko baitie indarkeriari aurre egiten hainbat esparrutatik: legea, psikologia, familia, babes neurriak, kontzientziazioa, eta abar.
Ander Rodríguez Gizarte Politikako diputatu eta Alternatibako kideak prentsaurrekoan aurkeztu du eraberritze hau, Laura Gómez Berdintasuneko zuzendariarekin eta Euken Barreña Indarkeria Matxistaren arretarako zuzendariarekin batera. Diputatuak azaldu duenez, “gizon eta emakumeen arteko desberdintasunaren aurkako borroka lehentasuna izan da legealdi osoan, eta indarkeria matxista desberdintasun horren muturreko espresioa da. Hala ere, baziren hainbat gabezia zerbitzu horretan, eta biktimei ezin zitzaien eman arazoari osoki aurre hartzeko baliabide guztiak. Izan ere, ez zeuden emakumeen ahalduntzeari begira. Hori dela eta, legealdi osoan hausnarketa, hobekuntza eta zerbitzuen berrantolaketa prozesu bat egin da, emaitza izan duena modelo integratu eta indartu berri bat.
Modelo integratu honek hainbat zerbitzu eskaintzen ditu:
– Zerbitzu sozio-juridikoa: legezko informazioa eta prozesuko aholkularitza familia zuzenbideaz, babes neurriez, doako justiziaz, zuzenbide zibilaz (dibortzioa)… bakarkako arreta, abokatu adituek pertsonalki emandakoa.
– Arreta psikologikoko zerbitzua: saio terapeutikoak dira, emakumeentzat eta seme-alabentzat. Orain arte, bakarkako saioak bakarrik eskaintzen ziren, baina hemendik aurrera taldeko terapiekin indartuko da zerbitzua, zeina modu esperimentalean hiru zonaldetan hasiko baita (Donostialdea, Debabarrena eta Bidasoa-Oarso) eta gero Lurralde osora zabalduko baita.
– Esku-hartze psikosozialeko zerbitzua: zentroetatik pasa diren emakumeen jarraipena egiteko abiarazten da, eta arreta ematen die, orobat, hainbat arrazoiengatik indarkeria ingurunea uzten ez duten emakumeei (segurtasuna, kontzientziazioa eta laguntza).
– Harrera zerbitzua: Gipuzkoan emakumeak artatzeko bi zentro daude, 20 plazekin (urgentziazko harrera eta egonaldi luzeagoetarako zentroa). Orain, autonomia pisuak jarriko dira martxan, zentroetatik igaro ondoren, autonomia handiagoko bizitza hasten duten emakumeentzat.