1948ko maiatzean Israelgo Estatua sortu zen. 67. urtemuga hori desherriaren eta minaren sinomimoa da Palestinar herriarentzat, Al-Naqha (hondamendia) gisa izendatua den urtemuga hori. Zorigaiztoko data horretan, 800.000 palestinar euren etxeak eta lurrak utzi beharrean aurkitu ziren.
Herri palestinarrarentzat Nakba ez da oroitzapena soilik, injustiziaren egunerokotasunaren isla da. Izan ere, sei hamarkada pasa diren arren lau milio palestinar baino gehiago dira lehenik Israelek okupatua izan zen eta ondoren kolonizatua izan zen Palestina horretara itzultzeko duten eskubidea aldarrikatzen dutenak.
Palestinaren eskubide nazionalak, nazioarteko tratatu nahiz ebazpenetan jasota daudenak, egunero dira bortxatuak, eta oinarrizkoenak diren giza eskubideak sistematikoki zapaltzen zaizkie palestinarrei.
Laster beteko da Gazaren aurkako eskala handiko azken ofentsiba militarraren lehenengo urteurrena. Egun, oraindik, herritarrak setiopean jarraitzen dute, blokeoaren ondorio latzak pairatzen, nazioartetik iristen den, edo iristen ez dena nazioarteko komunitateak dituen konpromisoei ihes egiten dietelako, laguntza apurrarekin.
Euskal Herria Bildutik egun seinalatu honetan gure elkartasuna helarazi nahi diegu palestinarrei, errefuxiatuek ere pairatzen duten egoera bereziki larria azpimarratuz.
Ekialde Hurbilean Mendebaldeko potentziek burututako interbentzio militarrek eta eraso yihadistek zibilen exodo berriak eragin dituzte; krisi horiek oraindik ere zailagoa bilakatu dute palestinar errefuxiatuen kanpamenduetan biziraun ahal izatea. Egun, errealitate horren adibide latzena siriako Yarmuk kanpamendua da.
Urteurren honetan, 1967. aurretiko mugen gainean eratua eta Jerusalem hiriburua izango duen Palestinako estatuaren zilegitasuna aldarrikatzen dugu eta gure ustez errefuxiatu palestinarren itzulera ezinbestekoa izango da bake iraunkor eta justua bermatzeko.
Ildo beretik, Israelen atxilotuta dauden, horietako asko salbuespen araudien bidez – atxiloketa administratiboak kasu- 7000 palestinarren etxeratzea eskatzen dugu.
Euskal Herria Bilduk Palestinarekiko duen konpromiso internazionalista berretsi eta gure esku egon daitezkeen mekanismo guztiak baliatuz beharrezkoa den laguntza eskaintzen jarraitzeko prest dagoela adierazi nahi du. Horretarako foro eta tresna ezberdinak baliatuko ditugu. Hala nola elkartasun ekimenak, lankidetza egitasmoak eta palestinarren eskariz sustatutako Boikot, Desinbertsio eta Zigorren kanpaina aitzat hartzen ditugu senide dugun herri Palestinarraren aldarrikapenak babesteko.
Euskal Herrian, 2015eko maiatzean