Alternatibako Bake eta Bizikidetza Mahaiko bozeramaile Xabier Sotok, hiru gazte babesteko desobedientzia baketsuaren bidez Gasteizen egindako ekitaldi masiboan parte hartu zuenak, atxilotutako zazpi gazteen askatasuna eskatu du eta, aldi berean, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen “berehalako dimisioa edo kargugabetzea” eskatu du, “legez kanpoko atxiloketak bideratu zituelako eta Ertzaintzak atzo erakutsitako gehiegikeriak babestu izanagatik”.
Sotok gogora ekarri du, Segi-ko kide izatea eta inkomunikazio epean egindako, eta epailearen aurrean ukatutako, inkulpazioetan oinarrituriko karguak leporatuta zeuden 40 gazte duela urtebete eskas absolbituak izan zirela. “Oraingoan, Auzitegi Nazionala bere argudioen kontra egin du, egoera berdinetan zeuden zazpi pertsona hauei zigorra ezarriz”. “Larriena, ostera, Eusko Jaurlaritzaren eskutik etorri zen, Auzitegi Nazionaletik auzipetuei epaia jakinarazi aurretik ere atxiloketak egiteko eskatu zuelako”. Gauzak horrela, “justiziak entzungorrarena egin zuen” aurretik ilegalki atxilotuak izan ziren lau pertsona hauen defentsaren eskakizunen aurrean, ahaztu gabe beste hiru kondenatuak “modu bortitzean” atxilotu zituztela atzo.
Hala, ezkerreko taldearen bozeramaileak Segi erakunde terrorista gisa sailkatzen duen legea indarrik gabe uzteko eskatu du. Halaber, Auzitegi Nazionalaren desegitea ere exijitu du, “edo besterik ezean, bere zereginak ustelkeria politikoaren jazarpenera mugatzea, Espainiako Erresumari begira askoz beharrezkoagotzat jo daitekeena”. Azkenik, Sotok adierazi du Ertzaintzak ezinbestekoa duela “berregituratze sakon bat egitea, bere jokabidea oinarrizko giza eskubideekin bateragarria egiteko”.