Igande honetan, ekainak 28, mundu osoko kaleetan, Euskal Herrikoak ere bai, kolorez eta aldarrikapenez jantziko dira LGBT kolektiboaren hamarkadatako borroka nabarmentzeko. EH Bildutik, pertsona librez osatutako herri askea eraiki nahi duen koalizioa izanik, igande honetan Euskal Herriko herri eta hiri desberdinetan antolatutako mobilizazioekin bat egitera deitzen dugu.
Europan zabaltzen ari diren haize ultraeskuindarrak, Afrikako hainbat herrialdeetan emandako errepresio bortitzak eragindako exodoa, ISISek LGBT pertsonekiko burutzen diharduen sarraskia eta Errusia bezalako herrietan zein Europako Batasuneko kide diren bestelakoetan, Kroazia kasu, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen kontrako aldaketa konstituzionalen lekuko izan gara. Oinarrizkoenak diren askatasunaren kontrako jardunbide hauek izan dute ordea kontrako norabidea Irlandan izan berri den erreferendumaren emaitzekin. Errealitate hauen aurrean, EH Bildutik pertsona guztien eskubideak eta askatasuna aldarrikatzen jarraitzeko garaia dela argi dugu, edozein izanda ere haien izaera, genero identitatea edo sexu joera.
Baina tamalez, Euskal Herrian ere ematen dira oraindik erasoak eta inposizioak matxismoa, transfobia, lesbofobia eta homofobia darabilten jarreretatik. Horrexegatik, EH Bildutik elkartasuna ardatz izango duen kontzientzia aldarrikatzen dugu, jarrerak aldarazi eta LGBT kolektiboarekiko aurreiritziak eta fobiak desagerraraziko dituenak, alor guztietan ezinbestekoak diren lege eta jendarte aldaketak eginda: hezkuntzan, osasungintzan, komunikabideetan edota herritar askatasunetan.
Eta herri libreak pertsona librez eraikitzen direnez, Euskal Herria Bildutik, dei egiten dugu igandeko mobilizazioetan parte hartzera.