Bilbao 700 fundazioaren patronatuaren ohiz kanpoko bileran parte hartu du Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotzi Alba Fatuartek. Eta aurreko astean aurreratu bezala, fundazioaren eginkizunak Udaleko Kultura Sailak berak hartzeko exijitu du bilkuran bertan.
Fatuartek gogorarazi duenez, “Bilboko hiribilduaren sorrera ospatzeko ekitaldiak antolatzeko sortu zen fundazioa 2000. urtean, eta fundazio egitura hartu zuen inbertsio pribatua erakartzeko estrategiaren pean”.
Ordea, datu ekonomikoek adierazten dute inbertsio pribaturik ez dagoela apenas. “Fundazio honek jasotzen duen laguntza ekonomikoaren %97,6 Bilboko Udalaren dirua izanik, zentzuzkoena da Udalak berak zuzenean kudeatzea fundazio honek urtean antolatzen dituen 7 ekitaldiak”, adierazi du Fatuartek. Musika-Música, Bilbao Ars Sacrum, Gau Zuria, Balearen Kalejira, Flamenco Jaialdia, Gabonetako Kontzertua eta 365Jazzbilbao antolatzen ditu Bilbao 700 fundazioak. Fatuartek nabarmendu duenez, “fundazioaren egiturak berak zaildu egiten du gardentasuna, hala kudeaketan nola arduradun politikoen izendapenean, azken hau ez baita egiten merituen araberako hautaketa prozesu publiko baten ondorioz”. Zentzu horretan, Josune Ariztondo fundazioaren zuzendari jarri izana salatu du Fatuartek: “PNVren kolokazio politikaren enegarren kasua dugu”.
Fatuartek gogor kritikatu du Ariztondoren izendapenaren berri prentsaren bidez jakin izana. “Patronatuaren ez ohiko bilerara deitzen gintuen gai ordenarekin batera, ez dugu inolako proposamenik ez informaziorik jaso. Prentsaren bidez jakin behar izan genuen, pasa den astean, PNVk Ariztondo jartzeko asmoa zuela, bizitza osoa alderdiari emana bizi izandakoari erretiro lasai eta erosoa emateko edo”.
Patronatuan bertan, Fatuartek galdetu du “ea zein irizpideren arabera aukeratu diren arduradun politiko berriak, zein soldata izango duten, eta soldata horien baldintzak zein izango diren”. Izan ere, inolako informaziorik ez dute erraztu fundazioaren arduradunek, nahiz gardentasunaren izenean guztiz publikoa izan behar lukeen. Hala, Aburtoren gardentasun promesak ezin faltsuagoak direla argi geratu da. “Gaizki hasten da garden eta zuzen jokatu nahi duen gobernu bat, guztion diruz finantzatzen den egitura bat alderdikeriaz erabilita”.
Fundazioaren egokitasuna auzitan jartzeko beste arrazoi batzuk ere jarri ditu mahai gainean Fatuartek. “Udal gobernuak duen tamaina erraldoia da: 17 zinegotzik osatutako Udal Gobernu bat gai izango beharko litzateke Bilbao 700 Fundazioak urtean antolatzen dituen 7 egitasmoak bere gain hartzeko. Eginkizun horiek Kultura Sailak zuzenean kudeatu ahal izango lituzke, administrazioaren baliabideak xahutu gabe eta zentzugabeko bikoiztasunak ekidinez.”, narmendu du.
Hona hemen joan den astean aurreratutako salaketaren bideoa: