Ayem Oskoz Alternatibaren Koordinakunde Nazionaleko kideak Alderdi Popularrak gaur iragarritako berehalako erreforma aztertu nahi izan du, Espainiako Erresumako Auzitegi Konstituzionalari bere ebazpenak betetzen ez dituenari zigorrak ezartzeko eskumena eman nahi diona; “noiz eta Kataluniako hauteskunde erabakigarrien atarian gaudela”. Ebazpen horiek, gogorarazi du Oskozek, “kutsu politikoa dute beti, berriro ere, frankismoak ezarritako Espainiako nazioaren batasun sakrosaindua gordetzeko helburuarekin eta, beraz, herrien borondatea bahitzea bilatzen dute”.
Alderdi ezkertiarretik salatu dutenez, “eskubide urraketa eta murrizketak nagusi diren kiribilean” urrats berriak egiten jarraitzen du Mariano Rajoy-ren gobernuak, honelako “kirtenkeriak” mahai gainean jarrita. Erreforma honen bidez, “Madrilek kartzela zein isunen mehatxuekin Katalunian hautestontziek ekintza demokratiko baten bidez esan dezaketena geldiarazi nahi du, kontra egiten dioten erkidegoen instituzioak bertan behera utzita ere”.
Oskozek, azkenik, “deitoragarritzat” jo du Merkelen argazkia Espainiako presidenteari bere “independentismoaren aurkako gurutzadan” laguntza eskaintzen. Izan ere, laguntza horrek “ordaina izango du, PPk Alemaniako finantza botere neoliberalen aginduen aurrean ageri ohi duen menpekotasunari eustea alegia”.