“SAD berreskuratzea lehentasunetarikoa da eta horretarako urgentziazko neurriak hartu behar dira, besteak beste, honakook: erabiltzaileei eskainitako zerbitzu orduak handitzea, egungo koordainketa itogarria murriztea eta benetako esfortzua egitea eskainitako zerbitzuak eta prestazioak (SAD, PEAP, PECEF, Eguneko Zentroak…) koordinatzeko”, adierazi du Luis Salgado Alternatibako kide eta EH Bilduko biltzarkiak.
Halaber, EH Bilduk ez du onartuko Gizarte Zerbitzuak enplegu publikoaren suntsiketan eta etengabeko pribatizazio katean oinarritzea; hori dela-eta, Foru Gobernu berriari eskatzen dio zerbitzuak kanporatzea eten dezala, hainbat zerbitzu (egoitzetako sukaldaritza edota garbitegi zerbitzuak, esaterako) berreskura ditzala eta EPE bat abiaraz dezala 2007tik gabeziak dituen Lanpostu Zerrenda finkatzearren.
Salgadoren ustez, legealdi honetako erronka nagusienetariko bat da koordinazio soziosanitarioko eredu eraginkorra lantzea eta sendotzea, kontua ez baita bakarrik Osakidetzaren finantzazioa lortzea GOFEk kudeatzen dituen haren zerbitzuetarako, baizik-eta benetako koordinazioa eskuratu behar dela erabiltzaileak maiz inoren eremuan eta eskumenei buruzko eztabaiden ondorioz dagozkien zerbitzuak jasotzeke uzten dituzten konpartimentu estankoak ekidin eta desagerrarazteko. Ildo horretatik, urgentea da konponbidea ematea buru desgaitasuna pairatzen duten gatazka errepikatuei; izan ere, pertsona horiek patologia bat ez ezik, Osakidetzaren leihatiletatik Foru Aldundiarenetara eramaten gaituen “frontoiaren sindromea” ere jasaten dute, inork ardurarik bere gain hartzen ez baitu.
Salgadok esandakoaren arabera, “halaber, Gizarte Zerbitzuen Foru Diputatu berriari eskatuko diogu Zerbitzuari Lotutako Prestazio Ekonomikoaren (PEVS gaztelaniaz) erabilera mugagabea murriztu dezala, aurreko legealdian berau erabili baita egoitza plaza berrien sorrera ekidin eta sektore pribatua finantzatzeko, legeak xedatutakoa etengabean urratuz eta iruzurrezko erabilera burutuz”.
Ildo beretik, EH Bilduk deritzo premiazkoa ere badela Foru Aldundiak Lagundu Gabeko Adingabe Atzerritarrentzat (MENAS gaztelaniaz) erabiltzen duen CIE eredua konpontzea. “EH Bildun uste dugu sistema osoa berraztertzeko unea dela praktikan adin txikiko horien banantzearen alde egiten duen eredu hori ekiditeko. Harrera Zentro horiek desagerrarazteko eta gainontzeko adin txikikoentzat dagoeneko dauden ibilbideetan eraginkortasunez sarrarazteko urratsak egin behar dira”, azaldu du EH Bilduko biltzarkideak.
Azkenik, Luis Salgadok INDESArentzat, bazterkerian erortzeko arriskuan dauden taldeentzat eta Gizartegintzako langileentzat konponbideak eskatzeko konpromisoa bere gain hartu du. “Azken finean, Foru Diputatuari helaraziko diogu EH Bilduk elkarrizketa eta akordiorako borondatea, beti ere elkarrizketa horrek balio badu herrialdeko Gizarte Zerbitzuen etorkizuna hobetu, defendatu eta ziurtatzeko” amaitu du.