Aernnovak Berantevillan duen faktoriatik 150 langile kaleratzeko asmoaren berri eman duela eta, EH Bilduk babes osoa adierazi dio gaur bertako langileen batzordeari eta egoera horren konponbidean dagokion ardurari heldu diezaiola eskatu dio Jaurlaritzari, 1994az geroztik enpresa horrek (Gamesa Aeronauticak lehen, Aernnovak orain) laguntza publiko handiak jaso dituelako. Enpresaren mehatxupean dauden langileen egoera aztertu eta euren etorkizun laborala ziurtatzeari begira, Belen Arrondo legebiltzarkidea, Aitor Miguel Gasteizko zinegotzia eta Luis Maria Salgado Arabako batzarkidea -Alternatibako kideak azken biak- Aernnovako komitearekin batzartu dira, “konponbideak elkarlanaren bidetik iritsiko direlako”, Arrondok adierazi duenez.
EH Bilduk informazio zehatza galdegin dio jada Jaurlaritzari Legebiltzarrean, Lakuak argitu dezan zenbat milioi eman dizkion 1994az geroztik enpresa horri. Arrondok gogora ekarri duenez, “Gamesa (oraingo Aernnova) diru publikoaz baliatu zen bere garaian bere jardun pribatua martxan jartzeko, eta milioi asko jaso ditu geroztik. 2006. urterako ia 100 milioi ziren jada, Gobernuak berak emandako datuen arabera, eta orain ezinbestekoa da jakitea noraino iritsi diren laguntza publikoak, enpresari kontuak eskatzeko ordua heldu delako”. Izan ere, legebiltzarkidearen iritziz, “diru publikoa jasotzearekin batera edozein enpresak konpromiso argia hartzen du, berez, laguntza horiek eman dizkion jendartearekin, inbertsioetan eta kalitatezko enpleguan gauzatu behar duen konpromisoa, alegia. Orain, ordea, 150 langile kaleratzearekin mehatxu eginez Aernnova konpromiso hori urratzen ari da eta Jaurlaritzari dagokio konpromiso guztiak betearaztea. Urkulluren Gobernuak, beraz, ardura argiak ditu mehatxu horri aurre egiteko, enpresari kontuak eskatzeko eta konponbidea bilatzeko orduan, eta hori da EH Bilduk eskatzen diona”.
Horri jarraituz, Aernnovarekiko politikan norabide aldaketa eskatu dio Arrondok Jaurlaritzari, “orain arte enpresaren alde kokatu delako, ez langileen alde. Horretan paradigmatikoa izan zen Urkulluk Mexikon Aernnovari egin zion bisita, han deslokalizazioa txalotzen zuen egun berean, Berantevillan enpresa erregulazio-espedientea aurkezten ari zelako. Aernnovaren internazionalizazioaren izenean lehendakariak babes osoa eman zion enpresari produkzioa Arabatik Mexikora eramateko eta, horren ondorioz, Berantevillan langile asko kaleratzeko; horrelakoxea izan da orain arte Jaurlaritzaren politika Aernnovarekiko, beti enpresaren interesak lehenetsita, ez langileenak”.