Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziaren hitzak AEBen eta Europako Batasunaren arteko TTIP merkataritza askerako akordioaren inguruan Bilboko Udaleko azken udalbatzan.
Noski, TTIP onartzeko, atzeko atetik, ezkutuan eta isilean, gai honi buruzko eztabaida publikoa ahalik eta gutxien ematea nahi da. Edo nahiko lukete batzuek. Ze, zirriborroak aztertu ahal izateko europarlamentarioek pasa behar izan dituztenak, erabat lotsagarriak dira. Lotsagarriak baina adierazgarriak.
Egia esan harrigarria da ikustea PNV eta PSOEk gardentasuna bermatzeko beharra azpimarratzea. Izan ere, hor izan dira Josu Juaristi EHbilduko ordezkaria, baina baita Izquierda Unida eta Podemoseko europarlementarioak ere, prozesu honen gardentasun ezari aurre egiten; eman dieten tartetxoa aprobetxatzen. Gogoratu dezagun bi ordu besterik ez zitzaizkiela testu sekretu bat ikuskatzeko. Horrela ulertzen al du Europako Batasunak gara dezaketela herritarren ordezkariek beren lana?
Baten batek esango du gai hauek Udalbatzar hontatik urrun geratzen direla. Ezin okerrago egon. Europako Batasuna eta Amerikako Estatu Batuen arteko itun honen ondorioak biziki nabarituko lirateke hemen, eta beste erakunde askoren lanean. Zertarako arituko gara gu hemen enpresek bete behar dituzten irizpideez, langileen bizi baldintzez, kontratazio publikoen baldintzez, tokiko garapenaz, nekazaritza eta elikaduraren kalitateaz, geure hizkuntzaren garapenaz, etab. gero Europar Batasunak praktikan gure eskumen guztiak kentzen badizkigu? Onartuko al dugu, permitituko duzue, merkatuaren lege gordin hutsak hori guztia arautzea? Gure burujabetza, Madrilen eta Bruselaren eskuetan uzteaz gain, orain ere Washingtonen esku utziko dugu?