Bizkaiko EH Bilduren Kongresurako hautagai eta Alternatibako kide Diana Urreak salatu du migratzaileek pairatzen duten legedia «beraien kontrakoa eta justifikatu gabea» dela eta «tik arrazistak» dituela. «Atzerritarren Legearen helburua ez da migratzaileak gizarteratzea, baizik eta kontrolatzea, zigortzea eta haien eskubideak mugatzea», adierazi du.
Ildo horretan, salatu egin du Atzerritarren Legeak polizia funtzionarioen esku uzten dituela hainbat erabaki eta «sarri askotan era arbitrarioan» aplikatzen dela.
Halaber, arduradun politiko asko migrazioaren kontra egiten ari diren adierazpen ugariez mintzatu da Urrea. «Einsteinek zioen bezala, errazagoa da atomo bat apurtzea zurrumurru bat haustea baino eta, horren haritik, hainbeste zurrumurru zabaltzen ari diren honetan komeni da gogoraraztea immigrazioak kultur aberastasuna ekarri duela gure herrira eta, gainera, immigratzaileek hamarnaka milioi euro sartzen dituztela urtero Estatuaren diru kutxan (zalantzarik gabe, beraiek jasotzen duten baino askoz ere diru gehiago)», adierazi du.
Hala ere, Urreak salatu duenez, «migratzaileek bazterketa bidegabea pairatzen dute. Gehienak enplegurik zailenetara, txartoen ordainduetara eta desatseginenetara kondenatuta daude eta, gainera, diskriminazioa, xenofobia edo arrazakeria sufritzen dute».
Kongresurako hautagaiak esan du EH Bilduk «giza eskubide guzti-guztiak defendatzen» dituela eta, horregatik, Atzerritarrak Atxikitzeko Zentro guztien itxiera eskatu duela.
Errefuxiatuen larrialdi egoerari dagokionez, Europan asiloa eskatzeko bide seguruak bila ditzatela exijitu die Estatuko eta Europako erakundeei, «indarrean dagoen legeria betez».
Urrearen iritziz, «burujabetza funtsezkoa da berdintasunean, justizia sozialean eta elkartasunean oinarritutako Euskal Herri bat eraikitzeko», eta hau gaineratu du: «aldeztu, amestu eta sentitzen dugun Euskal Herri horretan inor ez dago soberan. Guztiok gara beharrezkoak, norberaren jatorria edozein dela ere. Eta, erabakitzeko eskubideaz hitz egiten dugunean esan nahi duguna da pertsona guztiek haiengan eragina duten gauza guztietan erabakitzeko aukera izan behar dutela, inolako bazterketarik gabe, era indibidual eta kolektiboan».
«Pertsona guztiek eskubide berberak izango dituzten kolore askotako Euskal Herri bat eraikitzeko erabaki nahi dugu ».