Gabon garaia haurrei jostailu gehien oparitzen den garaia dela kontuan izanda, EH Bilduk kanpaina bat abiatu du udalerrietan, oparitzen diren jostailuak ez sexistak izateko. Hala nola, kartel sorta bat ikusgarri jarriko du helduak kontzientziatzeko helburuarekin.
Haurren hazkuntzan eta hezkuntzan, bitarteko naturala da jolasa. Jolasen bidez sozializatzen dute, ikasten dute taldean aritzen eta norbanako izaera osatzen joaten zaie. Jolasteko, ordea, jostailuak erabiltzen dira, eta hauek haurren nortasunaren garapenerako ezinbestekoak dira. Jostailuekin jolastuz, haurra norbere identitatea eraikitzen hastearekin batera, besteekiko pertzepzioa, harremantze modua eta jendarteratzea lantzen da. Horregatik da garrantzitsua oso, jolasaren hautaketa, jakinda haurraren interesa, kanpoko eraginak eta gure asmoak, kontuan izan behar ditugula.
Ez dago jolas onik edo txarrik, jolasaren erabilerak baitira onak edo txarrak, izatekotan. Era berean, ez dago neska edo mutikoentzat den jolasik, izatekotan, jolas jakinak neskei edo mutikoei eskaintzen baitizkiegu; eta kasu hauetan, generoei esleitutako rolak eta aurreiritziak indartzen ditugu.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduk uste du haurrei jostailuak oparitzen dieten helduek erantzukizunez jokatu behar dutela, eta horretaz kontzientziatzeko, kanpaina jarriko du abian.